Estalki berria du Cristobal Gamon ikastetxeak
Egoera txarrean zegoen markesina kentzeaz aparte, estalki berri zabalagoa jarri du udalak, kanpoko espazio estali berri bat sortuz haurrek jolastu ahal izateko.
Del amo, Sarasua eta Cruz, gaur goizeko agerraldian, estalpe azpian. Aspaldiko eskaera zuen ikastetxeak, eta azkenean heldu da. Kaputxinoetako Cristobal Gamon ikastetxeko estalkia berritzeko lanak bukatu ditu udalak. Gaur egin dute agerraldia horren berri emateko Itsaso Cruz Hezkuntza zinegotziak, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak, eta Aitor Sarasua ikastetxeko zuzendariak.
Egoera txarrean zegoen markesina kentzeaz aparte, estalki berri zabalagoa jarri du udalak, kanpoko espazio estali berri bat sortuz haurrek jolastu ahal izateko. Herriko ikastetxeetan instalazioak eta joko eremuak hobetzeko esku hartzea izan dela azaldu du del amok, “jarraipena ematen dio 2023-2027 Agintaldi Planean jasotako lan ildo horri”. Obrak uztailean hasi zituzten, oporretan, eragina ahalik eta gehien murrizteko.
Denera 215.734,55 euroko diru zatia bideratu dute lanetara; horietatik 138.894,92 euro Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak finantzatu ditu Udaleraiki programaren bidez.
“Eskaera historikoa”. Hala definitu du Cruzek Cristobal Gamon ikastetxeko estalkiaren berritzea, “egiteko genuen, kostata bada ere heldu da eta poliki-poliki bagoaz hobetzen”.
Bide beretik mintzatu da Sarasua, eta estalki berriarekin espazio asko irabazi dutela azaldu du, “gurasoak, ikasleak eta gu ere oso pozik gaude emaitzarekin. Kostatu da, eta eskerrak eman nahi dizkiogu udalari heldu delako. Urte asko dira eskaera egin genuela eta azkenean iritsi da eta estalki berritua dugu. Langileek ere aipatu digute obra egiten ari zirenean, ez dela lan erraza izan”.
