Euskadi saria bereganatu du Karmele Mitxelenak
Haur eta gazte literaturaren kategorian irabazi du oiartzuarrak, 'Aitona Floren' eleberriarengatik.
Euskadi literatura sarietako bat jaso du Karmele Mitxelena oiartzuarrak. Unai Elorriagarekin (euskarazko literatur saria) eta Maite Rosendorekin (literatura ilustratuaren saria) batera bereganatu du Mitxelenak saria, bere kasuan, haur eta gazte literaturaren kategorian. Aitona Floren liburuari esker jaso du saria. Aurreragotik beste hainbat sari irabazitakoa da oiartzuarra, hala nola Mikel Zarate saria.
Iaz kaleratu zuen Mitxelenak Aitona Floren, Elkar argitaletxearen eskutik. Gertuko senide baten heriotzak sortutako sentimenduek gidatuta, Danelen istorioa kontatzen du liburuak. Danelen aitona da Floren, eta gertuko harremana izanez, haren heriotzak hainbat sentimendu sorrarazten dizkio. Liburua kaleratzerakoan, Mitxelenak esan zuen umeek badakitela haien senidea hil egin dela, baina ez dakitela zer sentitu horren aurrean.
Gai nagusia heriotza izan arren, Euskadi sariko epaimahaiak adierazi du Mitxelenak dramatismorik gabe jorratu duela: “Haur eta Gazte literaturan heriotza gai nagusi duten liburu asko idatzi bada ere, ikuspuntu berri batetik eraiki du kontakizuna. Haur protagonistaren ahotsaz baliatu da, batere filtrorik edo injerentziarik ez duen monologo ia erabatekoa eraikitzeko”. Epaimahaikideek gehitu dute istorio “hunkigarria” dela Danelena, baina era berean “indarrez beterikoa”.
“Kuttunenetarikoa”
Mitxelenaren usteetan, berak argitaratutako liburuen artean ahaztuena izan da Aitona Floren. Lehenago sariak irabazitakoa da Mitxelena, eta sari horiei esker haren liburuek arrakasta handiagoa lortu izan zuten. Ez zen Aitona Floren-en kasua izan, baina azkenean, lortu du idazleak faltan botatzen zion aitorpena. Mitxelenak aipatu izan du liburua bere “kuttunenetarikoa” dela.
Sari banaketa azaroaren 26an egingo dute, Donostiako San Telmo museoan. Aitorpenak sari ekonomikoa dakar, 18.000 eurokoa. Horrez gain, liburua beste hizkuntza batean argitaratuko baluke, beste 4.ooo gehitu lirateke.
