Larunbatean hasiko da San Pedroko Musika eta Abesbatza astea
Eva Ugalderen zuzendaritzapean, Kanta Cantemus Abesbatzak kontzertua eskainiko du barrutiko parrokian, 20:00etatik aurrera eta doan.
Larunbatean (hilaren 11n) Ondartxo kultur elkarteak eta Pasaia Musikal Udal Musika Fundazioak antolatzen duten San Pedroko Musika eta Abesbatza astearen 40. ekitaldia hasiko da barrutiko parrokian. Eva Ugalderen zuzendaritzapean, Kanta Cantemus Abesbatzak Bidegurutze kontzertua eskainiko du, 20:00etatik aurrera eta doan. Aurtengo zikloak bost emanaldi izango ditu, eta larunbatekoa izango da lehena.
Kanta Cantemus Javier Bustok 1995ean sortutako abesbatza da, eta, ordutik, hainbat jaialdi eta lehiaketetan hartu du parte. Egun, Eva Ugalde da taldeko zuzendaria, eta klasikotik garaikidera doan errepertorioa lantzen du, musikarekiko pasioa eta sormen lankidetza uztartuz. Ahots berdinetako a capella errepertorioa lantzen dute, eta pieza batzuk pianoarekin jotzen dituzte. Emakume konpositoreei eta euskal kulturari ere arreta berezia ematen diote.
