Bi tona hondakin Jaizkibel hiribidea eta Altamira artean
Hondakinak jasotzeaz gainera eremuaren garbiketa orokorra egin da. Altamirako parkearen ondoko eremua garbitzen jarraituko du udalak.
Jaizkibel hiribidearen eta Altamirako parkearen arteko 1.067 metro koadroko baso eremuan bi tona hondakin baino gehiago jaso dituzte, 2.240,4 kilogramo zabor zehazki. Herrigunetik oso hurbil den zonalde horretan urez betetako deposituak, metalezko etxolak, eta askotariko hondakinak zeuden. Lezoko Udalak, Urzain taldearen bitartez, hondakinak kendu, horiek sailkatu eta kudeatu, eta isurketa gehiago ekiditeko hesia jarri ditu lau asteko lanaren bitartez.
Pisuan, jasotako hondakin zatirik handiera metal zatiena izan da, 420 kilorekin. Eraikuntza hondakinak ia 120 kilo izan dira. Bestelakoan egur zatiak, beira, arropa, hondakin elektronikoak, pneumatikoak edo arropa zaharra ere kendu dituzte beharginek besteak beste. “Jardun guztiari esker, naturguneetako hondakin pilaketak desegin, kontrolatu eta eragozteko neurriak hartu dira. Bide batez, kutsatzaile plastikoek faunari eragindako eraginak murriztu eta habitat-baldintzak hobetzea ere lortu da, bertako espezien landaretza berreskuratzeko bidean”, zehaztu du udalak.
Lan horien kostua 8.174,70 eurokoa izan da. Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun departamentuko 5.655,25 eurotako diru laguntza jaso du zeregin horretarako. Udalak zehaztu du inguru horretan dauden etxola eta hondakinak garbitzen jarraitzeko asmoa duela, “elkar zaintzea ez da pertsonetara mugatzen, gure herria eta ingurumena zaintzea ere beharrezkoa da denon bizi kalitatea hobetu eta elkarlanean bizitoki erabilgarri, seguru eta gozagarriak sortzeko”.
