Markos Goikolearena izan da antzerki testu labur onena
Dramaturgo nafarraren 'Destiny Driver' testuak jaso zituen larunbateko Partida edo finalean ikusleen boto gehien.
Larunbateko Partidan parte hartu zutenen talde argazkia.Aura Erro Markos Goikolea Unzalu iruindarrak irabazi du Lezoko III. Testu Laburren Lehiaketa. Larunbatean jokatu zen azken Partida edo finala Lezo Herri Eskolako jolastoki estalian, eta sei aktorek sei lan finalisten irakurketa dramatizatua egin ondoren, publikoak erabaki zuen nafarrarena izan zela testutik erakargarriena, Destiny Driver. Beraz, harentzat izan dira sariaren 1.200 euroak. Goikolearen lanaren irakurketa antzeztua Jurgi Artola Sarasola lezoarrak eta Xanti Agirrezabalak egin zuten, eta Iñaki Rikartek zuzendu zuen bi aktoreen egitekoa. Lezoko Udalak eta Hika Teatroak antolatu dute aurten hirugarrenez euskarazko sormena indartzea duen sariketa. Irabazleari saria Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko eta Kultura Sormen Industrietako zuzenari Ana Lopez Asensiok eman zion.
Arratsalde euritsu eta freskoan, zirrara bizi izan zen Herri Eskolako aterpean. Sei testu irakurri zituzten horretarako prest ziren sei aktoreek (binakako taldeetan, bakoitzak bina), Iñar Sastre musikariaren laguntzarekin. Larunbatean bertan eman zizkieten testu horiek antzezleei; haien aktuazioa zuzendu zuten hiru zuzendariek ere herenegun bertan jakin zuten zer testuri eman gidaritza, eta horiek nork egingo zituen. Hori goizean izan zen.
Arratsaldean, 19:30ean hastekoa zen Partidaren aurretik, Jaixkipe txarangak herria girotu eta finalaren eremura eraman zituen antzerkizaleak. Dozenaka izan ziren sormen arratsarekin gozatu zutenak. Gala, Oihana Vesgak eta Nerea Gurrutxagak aurkeztu eta gidatu zuten, umorez, hainbat arlo eszeniko erabiliz dinamizazio lanerako.
Jarraian, Partidako beste bi argazki, Aura Errok egindakoak.

