Minbiziaren gaia jorratuko dute haurrekin
Pasaiako liburutegiek eta Asgicer elkarteak 'Pimu ausarta' liburuaren ipuin kontaketak egingo dituzte urrian zehar, lau barrutietako liburutegietan.
Asgicer 2018an sortutako Gipuzkoako minbiziaren aurkako elkartea da. Elkarte horrek Pimu ausarta izeneko ipuina sortu du, eta liburu hori Pasaiara ekarriko dute urrian. Pasaiako liburutegiek, Agicerrekin batera, lau ipuin kontaketa antolatu dituzte haurrekin minbiziaz hitz egiteko. Ipuinak minbiziaren gaia jorratzen du haur baten begiradatik, eta amaren gaixotasuna nola bizitzen duen kontatzen du.
Nagore Taboada da ipuinaren egilea, eta bere esperientzian oinarrituta idatzi zuen Pimu ausarta. Ilustrazioak Isabel San Sebastianenak dira. Nagore del Pozo izango da ipuin kontalaria, eta Paula Vicente psikologoa ere bertan izango da laguntzaile moduan, sortu daitezkeen zalantzak argitzeko. Egitasmoa familiei begirakoa da, eta liburua salgai egongo da elebitan, 10 euroan.
Saio bana antolatu da barruti bakoitzeko, eta den-denak 17:30ean hasiko dira, doan. Pasaiako Udalak herritar guztiei animatu die egitasmo horretan parte hartzeko.
Egitaraua
- Hilak 21: Trintxerpeko liburutegian, 17:30ean.
- Hilak 22: Donibaneko liburutegian, 17:30ean.
- Hilak 28: Antxoko liburutegian, 17:30ean.
- Hilak 29: San Pedroko liburutegian, 17:30ean.
