Euskararekin Aktibatuz jarraitzen dute Oarsoaldeko kirol klubek
Eskualdeko zortzi kirol elkarte ari dira euren errealitateari egokitutako euskararen normalizazioaren aldeko urratsak egiten.
Aktibatuz-en zati diren klubetako ordezkariak, ordezkari politikoak, eta federazioetako kideak Elorsoroko agerraldian. Eskualdeko kirolean euskara sustatzeko ahaleginean ari dira hainbat klub, Aktibatuz egitasmoaren bitartez. Joan den martxoan aurkeztu zuten egitasmoa, eta ordutik zortzi dira zeregin horretan ari diren kirol elkarteak, Emuneko teknikarien laguntzarekin, eskualdeko lau udaletako euskara teknikarien koordinaziopean. Izan ere, lau udalek lehentasunezko dute kirol esparrua euskararen erabilera normalizatzeko bidean.
Aste honetan Oiartzungo Elorsoro kiroldegian egindako agerraldian orain arte egindakoen berri eman dute egitasmoan parte hartzen ari diren eragile eta talde guztiek. Errenteria-Oreretako Touring eta Ereintza; Lezoko Allerru eta Munttarpe; Oiartzungo OKE eta Otxe; eta Pasaiako Trintxerpe KE eta Pasaia KE dira egitasmoarekin bat egin duten klubak, eta lau udaletako kiroleko eta euskarako ordezkari politikoak ere (Leire Mazizior, Mireia Kuesta, Iker Salaberria, Edorta Fernandez, Julen Rodriguez eta Laura Ré) izan ziren agerraldian. Haiekin batera ziren Gipuzkoako eskubaloi eta futbol federazioetako arduradunak, Arantxa Arzak eta Manu Diaz hurrenez hurren. Martxotik egin dutena azaltzeaz gainera Aktibatu-ren marka berria aurkezteko baliatu zuten bilkura.
“Proiektuaren helburua izango da kirol klub bakoitzak bere errealitatetik abiatuta eta aldi berean besteen ibilbideetatik elkar ikasiz, hizkuntza kudeaketa egokirako urratsak zehaztea eta urrats horiek martxan jartzea”, adierazi dute egitasmoaren bultzatzaile diren eskualdeko udalek. Hala, apirilean Kirol Mahaia sortu zuten zortzi klub horiek. Iraila bitartean, egoera orokorraren eta klub bakoitzaren diagnostikoa egin zuten elkarteek, eta orain, urritik aurrera klub bakoitzaren plana landuko dute Emunen aholkularitza teknikoarekin. Prozesuan, udaletako kirol eta euskara sailek eta aipatu kiroletako Gipuzkoako federazioek hartu dute parte.
