'Harrera on!', etorri berrien harrera egokia bermatzeko
Pasaiako Udalak herrira azken hilabeteetan iritsi diren familiei eta haien seme-alabei harrera egokia egitea du xede. Iniziatiba azaltzeko, bilera informatiboak egingo dituzte gaur eta bihar.
Pasaiako Udalak Harrera On! izeneko programa jarri du martxan. Iniziatiba horren helburua da Pasaiara azken hilabeteetan iritsi diren familiei eta haien seme-alabei harrera egokia egitea. Egitasmoa 6 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeei begirakoa, eta eskolaz kanpoko aisialdi jardueretan oinarritzen da, jolasa eta euskara ardatz hartuta.
“Programa honen helburua da haur eta nerabeak herrira eta gizartera modu atseginagoan egokitzen laguntzea. Horretarako, eskolaz kanpoko aisialdi jarduerak eskaintzen dira, jolasa eta euskara ardatz hartuta, eta horien bidez harrera on bat egin nahi zaie ikasle berri hauei”, adierazi du Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako zinegotziak.
Izena emateko orriak Karmengo Aman, La Anunciatan, Pasaia-Lezo Lizeoan, Pasaiako Udaleko HAZ bulegoetan eta Gizarte Zerbitzuetan daude eskuragarri. Orriak bete ondoren, leku berberetan entrega daitezke, eta izen emateak urte osoan zehar irekita egongo direla jakinarazi du udalak. Egitasmoaren gaineko informazioa emateko, bilera informatiboak egingo dituzte: gaur (hilak 8) Antxoko Kultur Etxean, eta bihar (hilak 9) Trintxerpeko Ulia Kulturan. Bi saioak 18:00etan izango dira.
Informazio gehiagorako, udalak Gizarte Ekintzetako telefonoa (943 00 43 20) eta helbide elektronikoa jarri ditu interesdunen eskura.
