Pantxoa Karrere, Kantagiltzan
Urriaren 12an egingo dute egitasmoaren hurrengo saioa, eta abeslari lapurtarra gonbidatuko dute solastera.
Pantxoa Karrere, Le Journal egunkariak ateratako argazki batean. Kantagiltza egitasmoarekin aurrera doaz, eta Pantxoa Karrere izango da hurrengo gonbidatua. Urriaren 12an izango da. Aurreko aldietan moduan, musikariak emanaldi bat emango du, baina Kantagiltzaren xedea artista ezagutzea da. Arizmendieneko lorategian Karrererekin solasaldian arituko da Gotzon Barandiaran, egitasmoaren gidaria.
Sarrerak, bost eurotara, Kastron jarri dira salgai. Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta euria egingo balu, udaletxeko areto nagusira mugituko litzateke.
Klasikoak
1970. hamarkadatik dabil Karrere musika munduan. Peio Ospitalekin batera Pantxoa eta Peio bikotea sortu zuen, eta euskal abertzaletasunaren aldeko abestiak sortzen hasi ziren. Harrezkeroztik, euskal kantagintzako klasikoak bilakatu dira haien kanta asko. 1969. urtean kaleratu zuten haien lehen diskoa, eta hurrengo hamarkadetan ehunka kontzertu emandakoak dira.
