Santa Anako ordularia auzolanean berreskuratuko dute
Bihar (hilak 9, osteguna) emango dituzte zaharberritze prozesuaren gaineko xehetasunak Juanba Berasategi aretoan izango den aurkezpen publikoan (19:00).
Sanjuandarrak, udaleko kideak, eta Yereguiko ordezkariak, Santa Ana baselizan. Donibaneko Santa Ana baselizako ordularia auzolanean berreskuratuko dute. 1841tik da bertan ordulari hori, eta urteek eragindako higadurari aurre egiteko garaia iritsi dela erabaki dute, zaharberritzeko unea iritsi zaio. Yeregui elkarteak bultzatu du Donibaneko historiaren zati den erlojua biziberritzeko egitasmoa, eta bidea egiteko Pasaiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donibaneko parrokiako komunitatearen, eta herriko nahiz kanpoko hainbat erakunderen laguntza du. Bihar (hilak 9, osteguna) aurkeztuko dituzte auzolanaren gaineko xehetasunak Juanba Berasategi aretoan egingo den aurkezpenean, hitzaldi-solasaldi formatukoa; 19:00etan hasiko da agerraldia.
Osteguneko aurkezpenean Xabier Alvarez Yereguik eta iniziatibaren zati diren beste hainbatek “erlojuaren historia, mekanismoaren ezaugarriak eta zaharberritze-prozesuaren berezitasunak” azalduko dituzte. Donibaneko alkateorde Aintzane Taberna arduratuko da ekitaldia gidatzeaz.
Tabernak nabarmendu du proiektua erakundeen, elkarteen, enpresen, ikastetxeen eta herritarren arteko lankidetzaren balioaren adibide bat dela, “denak helburu berarekin lotuta: Donibaneren arima bere ondarearen bidez babestea”. Proiektuaren xede sinbolikoa nabarmendu du zinegotzi sanjuandarrak: “Santa Anako erlojua berreskuratzea ez da mekanismo zahar bat konpontzea soilik; gure historia komunaren zati bat berreskuratzea ere bada. Horrelakoek erakusten dute komunitatea batzen denean, denbora —erlojua bezala— berriz ere abian jartzen dela. Herri gisa garenaren metafora zoragarria da”.
Donibaneko historiaren zati hori berreskuratzeko bidea auzolana izango da. ‘Zer’-ari, ‘nola’ faktorea erantsi behar zaio. Izan ere, erlojua bera berritzea garrantzitsua bada, hori elkarkidetzan garatzea oso esanguratsua dela adierazi dute egitasmoan inplikatuta dauden aldeek. Lankidetza sarea osatuko dute ‘nola’ hori gorpuzteko.
Bidelagunak
Osteguneko aurkezpenean hainbat datu emango dituzte. Horien artean, ordulari horren ezaugarrien berri emango dute. Hala ere, Aitor Brion Pasaiako Udaleko Kultura eta Ondare zinegotziak azpimarra jarri du askoren arteko lan horren izen-abizenetan. Hau da, zaharberritzea erraztuko dutenengan. Izan ere, prozesuaren babesle izango diren erakundeez aparte, proiektuaren alor teknikoaz Yeregui elkartea arduratuko da —erloju historikoak kontserbatzeaz eta zaharberritzeaz arduratzen da elkarte hori, bereziki Yeregui familiak instalatutakoak—, baina hainbat beharrezko bidelagun izango dituzte. Kolaboratzaileen artean ondorengoak daude: Boisa-Sprilur (Oarso eta Bidasoako Industrialdea SA), zeinak lokal bat utziko duen zaharberritze-lanak egiteko, lan horiek herritarrentzat bisitagarriak eta publikoak izan daitezen aldi jakin batzuetan; Pasaiako Oinarrizko Lanbide Heziketako Ikastetxea eta Don Bosco ikastetxea, bertako ikasleek eta irakasleek aktiboki parte hartuko baitute prozesuan; eta Oiartzungo Fundiciones Aizpurua enpresa, pieza eta osagai metalikoak egiten dituzte.
“Proiektu honek auzolan garaikidetzat hartzen duguna sinbolizatzen du: tradizioa, ezagutza teknikoa, herritarren inplikazioa eta erakundeen laguntza uztartzen dituen ekimena. Ondarea babesteko eta gizarte-sarea indartzeko modu eredugarria da”, adierazi du Brionek. “Santa Anako erlojuaren zaharberritzeak pieza historiko bati bizitza emateaz gain, Donibanek bere ondarearen inguruan elkartutako komunitate gisa duen nortasun eta identitate historikoa indartzen du”. Pasaiako ondare historikoa handia dela adierazi du Ondare zinegotziak, eta udal gobernua horri eustearen “eta ondare hori etorkizuneko belaunaldiei transmititzea ahalbidetzen duten ekimen guztiak” babestu eta sustatzearen aldeko dela zehaztu du.

Santa Anako ordularia, 1841etik sanjuandarren denbora markatzen
Hona, Santa Anako erlojuaren historiaren berri, Pasaiako Udalak emandako azalpenetan oinarrituta:
Santa Ana ermitako erlojua Francisco de Salado erlojugileak instalatu zuen 1841ean, herri-eskariz eta orduko korrejidorearen enkarguz, aurreko mekanismoa hondatu ondoren. Instalazioaren kostua garai hartako 3.600 errealekoa izan zen, dokumentazio historikoan jasota dagoenez.
Harrezkero, erlojuak markatu dizkio orduak Donibaneri, eta egunerokotasuneko eta ondareko sinbolo bihurtu da. Urteetan zehar hainbat esku-hartze izan ditu – 1925ean eta 1957an dokumentatuak –, horietako batzuk “ez oso egokiak”, Xabier Alvarez Yereguik azaldu duenez, eta horrek erlojuaren barne-zehaztasuna eta egitura okertu ditu.
“Erlojua egoera delikatuan dago gaur egun, baina erabat berreskura daiteke. Gure asmoa errespetuz esku hartzea da, haren funtsa aldatu gabe, zaharberritze ez-inbaditzailea deritzona aplikatuz, hau da, haren funtzionaltasuna eta duintasuna itzultzea denboraren aztarnak ezabatu gabe”, adierazi du Alvarez Yereguik: “Santa Anako erlojua ez da tresna mekaniko bat soilik, herriko memoria kolektiboaren pieza bizi bat baizik”.
