39 egun daramate greba mugagabean etxez etxeko langileek
Atzo manifestazioa eta elkarretaratzea egin zituzten Donibanen, udalari erabakiak har ditzala eskatzeko.
Langileek atzo udaletxearen aurrean egin zuten elkarretaratzearen une bat. Gaur, hilak 8, Pasaiako etxez etxeko langileek 39. eguna izango dute greba mugagabean. Irailaren lehen egunean ekin zioten borrokaldi jarraituari. Horri, aurretik egindako lanuzteak eta mobilizazioak erantsi behar zaizkio. Eskaera zehatza dute: Pasaiako Udalari euren lan baldintzen egoera duina izan dadin erabakiak har ditzala eskatzen ari dira. Atzo Donibanetik manifestazio zaratatsua eta ondoren udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin zituzten emakume langileek.
Langile horien egungo eskaera nagusia udalak zerbitzua publiko egitearena da. Izan ere, udalak enpresa bati esleitua dio etxez etxeko arretaren kudeaketa, Matia Goxarari hain zuzen. Euren “prekarietate egoera” salatzeko borrokaldiak hastearekin batera, negoziazioak egin zituzten udalarekin ELA eta LAB sindikatuetako kideek, egoera horri aurre egiteko neurriak har zitzan udal erakundeak. Hasiera batez, langileentzat onargarri ziren hainbat hobekuntza planteatu eta adostu zituen udalak langileekin. Baina, bi alde horien artean adostutakoak gatazkaren hirugarren erpinarekin negoziatzerakoan, Matia Goxara enpresak ukoa eman zien hobekuntza neurri horiei. Blokeo egoeran da etxez etxeko langileen lan gatazka bideratzeko prozesua, beraz.
Blokeo horren aurrean, udalari presio egiteko erabakia indartu dute beharginek. Haien ustez zerbitzua kanpoko enpresa batek kudeatzea zerbitzuaren beraren kalterako da, eta aldi berean, udaletik plantea daitezkeen hobekuntzak enpresak bere onurarako nahi dituela ziur dira langileak. Beraz, zerbitzua zuzenean udalaren menpeko izan dadila nahi dute.
