Eskulturek merezi zuten aitorpena
Bihar hasiko da Euskal Eskulturak Bizirik egitasmoa, Oiartzun kulturaren mapan ezartzeko xedearekin.
Arizmendieneko lorategiko eskulturak. IMANOL SAIZ Askorentzat artearen barneko senide ahaztua da eskultura. Garai helenistikoan sei arte mota sailkatu ziren, ondoren, arte klasikoak moduan ezagutu direnak: arkitektura, pintura, musika, dantza, literatura eta eskultura. Historian zehar eskulturak ondare kulturalean izandako garrantzi handia ukaezina da, baina egun, garaiak aldatu egin dira, eta beste begi batzuekin ikusten da. “Badirudi Euskal Herrian eskultura Txillidarekin eta Oteizarekin amaitu zela, eta hori ez da horrela”, adierazi du Mikel Mendizabalek. Euskal Eskultura Bizirik egitasmoari bihar emango diote hasiera, Oiartzun eskultura munduan “erreferente” bihurtzeko ahalegina eginez.
Pagoarte Arte eta Kultur Elkartearen ekimenez osatu dute egitasmoa. “Geldiune bat egin dugu azken urteetan, eta orain itzuli egin gara. Iaz pertsona batzuk bildu ginen, elkartea berriro ere martxan jartzeko, eta eskulturen harira ideia bat eduki genuen”. Azkenean, Pagoarteko kideek izandako ideia ezin izan zuten martxan jarri, “handiegia” zelako. Baina ez zuten amore eman, haien ustez, eskulturak ez dauka eta merezi duen atentzioa. “Euskal Herrian historiaurretik egon da eskulturak egiteko ohitura. Mairu baratzeak adibide argiak dira, bertan ikusi daiteke eta nola antolatzen zuten espazioa. Baina egun, eskulturak abstraktuak direnez, ez dute jendearengan hurbiltasunik”. Euskal Eskultura Bizirik egitasmoan eskultura zaharrak berriekin uztartzeko saiakera egin dute, gaur egungo eskultoreei, eta zehazki oiartzuarrei, garrantzia emanez.
Bi erakusketaz osatuko dute proiektua. Bihar ireki eta azaroaren 2ra arte egongo dira zabalik. Bat Arizmendieneko lorategian izango da, eta bestea San Juan kaperan. Erakusketarekin herriko eskultoreei haien lanak erakusteko espazio duin bat eskaintzea ahalbidetzea lortu dute. “Haien piezak erakutsiko dituzten artistak Oiartzungoak edo herriarekin harremana duten pertsonak dira”, azaldu du Mendizabalek. Horrez gain, Pagoartetik emakumeen lanei garrantzia emateko apostua egin nahi izan dute. “Emakumeek egindako lanak bigarren plano batean geratu ohi izan dira, ez dira behar bezala promozionatzen. Guk erakusketak erdizkoak egin ditugu, hau da, erdia gizonek sortutakoak eta beste erdia emakumeek”.
Erretaularen inguruan
San Juan kaperan egingo den erakusketaren protagonista bertan dagoen erretaula da. “Elizak atontzerakoan, beti figurez betetzen zituzten, hori da eta elizak eskatzen zutena. Euskal Herrian erretaulak egiteko ohitura handia izan da beti, eta beraz, erretaulagile on asko izan ditugu”. Italiatik ekarritako influentziak bete zituen Euskal Herriko elizak, kristoren figura ardatz moduan hartuz, eskultura errealistak eginez. “San Juan kaperan dugun erretaula ez da oso handia, baina kalitate handikoa da. Hori bera baliatuko dugu XVII. mendeko eskultura hura gaur egungoekin uztartzeko. Zubi baten modukoa izango da erretaula”. Erretaularen inguruan, tamaina txikiagoko eskulturak erakutsiko dituzte. Haietako batzuk, erretaularekin harremana dute, bertan dauden elementuak irudikatzen dituztelako.

San Juan kaperan dauden eskultura batzuk.
Jeronimo Larrea eskultoreak egin zuen San Juango erretaula. “Erretaulak artea dira, noski, eta beraz, haien atzean artista bat aurki dezakegu”. XVII. mendean erretaula asko egin zituen Larreak, eta haietako hainbat oraindik Euskal Herritik sakabanatuak ikusi daitezke. Larrea Joanes Antxetaren ikaslea izan zen. “Antxeta azpeitiarra euskal erretaulagile famatuena izan zen. Influentzia italiarra oso ondo ulertu zuen, eta Miguel Angelen banilismotik abiatzen zen. Erretaula asko egin zituen, maila handikoak”. Haren estilotik eskola bat sortu zen, eta askok oinarritu zuten haien lana Antxetan. Larrea haietako bat izan zen.
Arizmendienean aldiz, eskultura handiagoak ikusiko dira. “Eskulturak abantaila asko ditu. Perspektibak eta ikuspuntuak oso garrantzitsuak dira, piezak esanahi asko izan ditzake eta. Eskultura handiekin, Arizmendienekoekin adibidez, distantziak baliatuko ditugu, piezak hobe ikusteko”. Zortzi eskultura jarriko dituzte lorategian, kolore, material eta tamaina ezberdinetakoak. Horrez gain, urriaren 18an Lorentxo Garmendiak behin behineko eskultura bat egingo du, itsasoak hondartzetara eramandako egurrekin eta harriekin. “Lorentxok egingo duen eskulturak soilik segundo batzuk iraun ditzake zutik, harriekin eta egurrekin egindako estruktura bat baita”. Gainera, haurrek ere haien piezak sortzeko aukera izango dute egun horretan.
Eskulturez gain
Erakusketak ez ezik, bestelako ekitaldiak egingo dituzte. Lorategian, aipatutako hitzordua egingo dute: urriaren 18an Garmendiaren eta haurren eskulturak. San Juan kaperan, aldiz, inaugurazio egunean, hau da, bihar, hainbat gauza egingo dituzte. Hasteko, Elena Zalakainek erretaularen inguruko azalpenak emango ditu, Larreak egindako eskultura eta haren zehaztasunak zorroztasunez azalduz. Horrez gain inaugurazioan Antton Mendizabalen pieza bat aurkeztuko dute: “Eskultura horrek soinua sortzen du ukitzen dugunean. Zaila da azaltzea, ulertzeko ikusi eta ukitu egin behar da. Gainera aurkezpenean Alaia Belaunzaran harpa joleak bere musika eskainiko digu”, esan du Pagoarteko kideak.
Inaugurazio ekitaldia lehen egunean eta azken egunean egingo da. “Azaroaren 2an lehen egunean egindakoa berriro errepikatuko dugu, hasieran hurbildu ezin izan zirenentzat. Eskultura guztiak azalduko ditugu, banan banan, eta noski, egilea bertan badago, hark bideratuko du azalpena”. Azalpenak ez ezik, Belaunzaranen musika ere berriro entzungo da azaroaren 2an.
Hauexek dira erakusketetan parte hartuko duten artistak: Pablo Zuriarrain, Uxue Lasa, Anton Mendizabal, Ainara Lasa, Iñigo Aristegi, Idoia Beratarbide, Juan Aizpitarte, Leire Sainz de Aja, Guillermo Olmo, Onintza Etxebeste, Mikel Barrero, Blanca Sagasti, Javier Perez, Belen Moreno eta Lorentxo Garmendia. Haiei Jeronimo Larrea gehitu beharko litzateke.
