Haizea, dorreak eta zauriak
Oiartzundik hurbil bi parke eoliko ezarri nahi ditu Repsol enpresak. Han sortuko litzakeen argindarra garraiatzeko lineek inpaktu sakona izango lukete Oarsoaldean. Gaia lantzen hasi dira herritarrak, eta Domiko Bizirik plataforma sortu dute Oiartzunen.
Oiartzundik lau elektrizitate linea pasatzen dira egun, eta horietako bat handitzen ari dira (irudian). Orain, Repsolek beste bi goi tentsioko linea egin asmo ditu. Oarsoaldean, bereziki Oiartzungo lurretan, Oiartzun ibaiak ezartzen duen bailaran mendebaldetik ekialdera argindarra garraiatzeko goi tentsioko lau linea daude egun: batek orduko 138 kilowatteko gaitasuna du, beste bik 220koa, eta laugarrena da handiena, 380 kilowatteko indarra du; azken hori 440ra handitzeko lanean ari dira. Horiek gutxi balira, beste bi lerro egin asmo ditu Repsol enpresak. Domiko izeneko proiektuaren barruan Lesaka, Goizueta eta Oiartzun arteko mendialdean 12 aerosorgailu egin nahi ditu, eta horietan sortutako energia Gurutze auzoko Arkaleko azpiestaziora eraman nahi du zutabe handiko lerroaren bidez; bestea Erreka izenekoa da, eta Mandoegiko gailur lerroan (Arano, Goizueta, Hernani, Urnieta, Berastegi eta Elduaingo udalerrietan) beste hamabost aerosorgailu egin nahi ditu, eta han sortutako energia ere Arkaleko azpiestaziora joango litzateke goi tentsioko beste linea baten bidez, 21 kilometrokoa, eta 68 dorreko azpiegiturarekin.

Erreka proiektuaren barruan, estazio eolikotik Gurutzeko Arkaleko azpiestaziora energia garraiatzeko lineak egingo lukeen bidea. KLIK EGIN IRUDIAN HANDITZEKO.
Kezka sortu dute oiartzuarren artean batik bat egitasmo horiek. Jada antolatzen hasi dira hainbat herritar, eta adibidez, irailaren 10ean egitasmo horien gainean egun dagoen informazioa emateko batzarra egin zuten. Handik, 15 bat lagun prest agertu ziren herrian gaiaren gaineko lanketa egiteko, eta haiek asteazkenean bildu ziren. Domiko Bizirik plataforma sortu dute gaiaren gaineko informazioa bildu, zabaldu, eta egitasmo horien kontrakotasuna agertzeko. «Horrelako azpiegiturekin itota gaude. Izugarria da hemen duguna», esan du Kepa Olaizek. Zauri gehiago izango lituzkete inguruko landa eremuek.
Plataformako kide dira Kepa Olaiz Odriozola eta Iñaki Otegi Gelbentzu. Azaldu dute Domiko proiektuaren barruko informazio gutxi dutela oraindik. Datu gehiago dituzte Errekaren gainean. Aspektu bat zehaztu dute: Repsolen Erreka egitasmoarekin nolabaiteko lehian Endesaren beste bat dagoela, Ikatz Gane izenekoa, eremu berberean gauzatuko litzatekeena. Errekaren trazatu antzekoa izango luke Ikatz Ganek, baina uste dute Gipuzkoako lurretatik bakarrik pasako litzatekeela eta txikiagoa dela, bost aerosorgailukoa; Hernaniko azpiestaziora joango litzateke Endesaren egitasmotik sortutako energia. «Tramitazio aldetik biek bide ezberdina daramate. Izan ere, egitasmoen tamainaren arabera, administrazio batek edo bestek batek ematen ditu baimenak. 50 Megawatt baino gutxiagoko instalazioen eskuduntza Eusko Jaurlaritzarena da; handik gorakoak Espainiako Gobernuarenak». Errekako proiektua nahiz Domikokoa tramitazioan daude, eta dagokien erakundeen hasierako onarpena dute. Ikatz Ganek oraindik ez du baimenik.

Karrika auzokoa da irudia. Inguru horretatik pasako lirateke Gurutzeko Arkalera doan goi tentsioko linea, dorre handiekin. Argazkia: Allende Arnaiz.
Gisa horretako egitasmoak administrazioek onar ditzaten hainbat urrats egin behar dituzte energia enpresek. Bost zati ditu tramitazio lan horrek. Lehena, proiektua egiteko eskaera egitea da, eta Errekak eta Domikok hasierako onarpena dute. «Ondoren, ingurumen balorazioa aurkeztu behar dute, segidan eraikuntza proiektua, jarraitzeko esplotazioarena, eta azkenik martxan jartzeko baimena. Aurrenekotan dabiltza bi egitasmoak. Beraz, oraindik ere alegazioak-eta egiteko aukerarik ez da», esan du Olaizek.
Berretsi dute bi egitasmo handi horien gaineko informazio askorik ez dutela. Udalek ere ez dute egiazko daturik. «Baina gure zeregina da horien gaineko informazioa jaso, eta zabaltzea. Behintzat alegazio epeak hasten direnerako prest izan nahi dugu. Epe horiek egun batetik bestera ezartzen dituzte, eta ahal den dokumentazio eta datu gehien biltzen ari gara balizko alegazioak prestatu, eta egitasmo horien kontra egiteko. Alegazioak prestatzea ez da erraza ez merkea. Egoki litzateke ere erakundeak horren gaineko prestaketa egiten hastea», azaldu du Otegik.
Xehetasunak
Erreka proiektuaren barruan, Arano, Goizueta (biak Nafarroan) eta Hernani arteko Mandoegiko gailur lerroetan hamabost aerosorgailu jarri nahi dituzte, bakoitza 6,6 megawattekoa. Dorre eoliko bakoitzak 205 metroko luzera izango luke, eta horiek sortuko luketen energia Arkaleko (Gurutze auzoan) azpiestaziora eramango lukete 21 kilometroko elektrizitate linea bidez, 68 dorre handikoa. Altzairuzko zutabe erraldoi horiek Oarsoaldean Errenteria-Oreretatik sartuko lirateke, Aranon hasi eta Hernanitik nahiz Astigarragatik pasa ondoren; Oreretako mendi eremutik Oiartzunera pasako litzateke linea hori: Errenterian Otzalzulueta-Egiluze (Zamalbide) eremuan jarriko lituzkete dorreak, eta Oiartzunera Portugaltxiki eta Sarobe errekak zeharkatu, eta Iturriotz, Karrika eta Ergoien auzoak alderik alde pasako lituzke Arkaleko azpiestaziorako bidean.
«Linea horren ondoan Aiako Harria parke naturala dago. Baina Repsol arduratu da parkearen barruan ez proposatzeaz dorreak, beti 200-1.000 metro arteko tartea jarri dute dorreen eta parkearen artean. Linea bat botatzekotan, errazena bide zuena da. Baina ez dute horrela planteatu, hori saihestu dute parke naturala ez ukitzeko. Horrek erakusten du, besteak beste, zein garrantzi duen natur eremuak parke natural izendatzea». Hala ere, gogoeta egin du Otegik: «Badirudi parke naturala ezin dela ukitu. Baina haien logikatik bestelako lur eremuak sakrifika daitezke. Badugu Natura 2000 sarea, badaude eremu babestuak. Baina gainontzeko guztian nahi dutena egiten dute».
Domiko proiektuaren barruan Repsolen planteamendua da Domiko Bianditz-Pagolleta urtegiaren inguruko gailurretan hamabi aerosorgailu jartzea, bakoitzak 6,6 megawatteko gaitasuna izanik, osotara 79,2 megawatteko potentzia jasoz; 205 metroko altuera izango lukete aerosorgailuek. Nafarroako Lesakako eta Goizuetako, nahiz Oiartzungo lur eremuetan altxako lituzkete. Bai Olaizek zein Otegik uste dute aerosorgailu horietatik sortuko den energia garraiatzeko goi tentsioko lineako dorreek, Artikutzako nahiz Aiako Harriko lursailak okupatuko lituzketela Aritxulegiko lepotik pasata Gurutzeko Arkalera jaisteko, beraz, zuzenean eragina izango luke babesgunean zein herrian. Hala ere, Domikoren gaineko informazio asko-askorik ez dutela zehaztu dute, eta horren bila dabiltzala.
Inpaktua
Olaizek eta Otegik aipatu dute, bai Erreka zein Domiko egingo balira, ingurumenean kalte handiak sortuko liratekeela horien barruan dauden azpiegiturak egiteko. Jada berez linea elektrikoekin «itota» den zonalde bat, are lazgarriago bihurtuko litzatekeela. Adibidez, aerosorgailu bakoitza eta horiek sortutako energia garraiatzeko dorre bakoitza eraikitzeko, menditik pista bana egin beharko litzakeela aipatu dute. Azpiegitura horien mantenurako ere beharrezkoak lirateke pista horiek. «Zauriz beteko lituzkete inguruko mendiak, bide horiek egiteko makineria oso astun eta kutsakorra erabiliz».
Hori gutxi balitz, argindarraren garraiorako dorreak eraikitzekotan, horien ezker-eskuin segurtasun zabalerak ezarri behar izaten dira, 20 bat metrokoak. «Hortaz, segurtasun zabalera hori bermatzeko ziurrenik zuhaiztiak ezabatu beharko lirateke. Gainera, horiek eraiki nahi diren inguruetan baserriak ere badira. Ikusi beharko litzateke horiekin zer gertatuko zen». Inpaktu bisualari ere garrantzi berezia eman diote bi kideek: «Giza okupazio txikiko ingurune baten paisaia-balioan erabat eragingo lukete egitasmoek landa lurrak, zuhaiztiak eta baserrietako landa-paisaiak dituzte lineen trazatuan. Gainera, aerosorgailuak kilometroetatik ikusiko lirateke».
Parke eolikoekin eta garraio dorreekin kontrajarrian ere, faunaren gaia aipatu dute. «Besteak beste, Aiako Harria hegazti migratzaileen lehen mailako pasagunea da, hegaztien koloniak daude, eta sai habiagileen ehunka ale. Saguzar espezie mehatxatuen aniztasuna ere handia da. Nahiz eta Erreka Aiako Harritik kanpo izan, animaliek ez dute ulertzen gisa horretako mugetaz, hara eta hona ibiltzen dira. Haiengan ere eragina izango lukete bi egitasmo horiek».

Protesta murala, Karrika auzoan. Argazkia: Allende Arnaiz.
Konpromisoa
Oiartzunen mugitzen hasi dira Domiko Bizirik taldekoak. Informazioa ematen ari dira. Zalantza dute ea informazio hori erakundeek ote duten. Udalei zuzendu zaie Olaiz: «Komeni da haiek ere mugitzea. Udalerrietan egitasmo horiek izango duten eragina handia da».
Zehaztu dute, gisa horretako egitasmo handiak «onura publikoko» bezala izendatzen dituztenean, horiek kudeatzeko tokiko administrazioek (udalek) ez dutela eskumenik, behintzat, baimenak ematerako garaian: «Eta natura babesteko araudiak urratu arren, onura publikoko izendatutako egitasmoek aurrera jarrai dezakete. Hori legez araututa dago. Nafarroako Aroztegiko gaia da horren erakusle. Kasu honetan interes orokorrekoa edo onura publikokoa izan daiteke Repsolek dirua irabaztea».
Tokian tokiko udalek bai aurkez ditzaketela alegazioak, herritar orok bezala. «Herritarrek udalei alegazioak egiteko eskatuko baliete, uste dugu haien egitekoa ere herritarrei kasu egitea dela».
