Pintaketen harira, ardura eskatu du Pasaiako Udalak
Azken egunetan margotuta azaldu dira Donibaneko Puntetako pasealekuko iturrietako kartelak. Ez da lehen aldia izan, eta udalak horrelako jokabideak saihestea eta udal baliabide komunak errespetatzea eskatu du.
Azken egunetan margotuta azaldu dira Donibaneko Puntetako pasealekuko iturrietako kartelak, oraingoan spray horiz. Hiru asteburutan jarraian gertatu dira mota horretako ezbeharrak, eta abuztu hasieran ere horrelako pintaketak agertu ziren.
Pasaiako Udalak gogorarazi du ekintza horiek ez dakartela soilik “kalte estetikoa”, ondare publikoaren aurkako jarduerak baitira. Ekintza horien ondorioz, herritarren baliabide ekonomikoak xahutzen direla adierazi du udalak, udal langileen lana biderkatzen baita.
Margotutako kartel horiek iturrietako uren egoera sanitarioei buruzko oharrak dituzte, eta, beraz, “funtsezkoak” dira herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Kartel horien pintaketek edota manipulazioek osasun arazoetan eragin zuzena izan dezaketela nabarmendu du udal erakundeak. Hori dela eta, udalak seinale horiek errespetatzea eta egoera egokian mantentzea eskatu du.
Azken gertakarien harira, kezka adierazi du Iraitz Pazos Zerbitzu, Sare eta Mantentze lanetako zinegotziak: “Egoera hau behin eta berriz errepikatzen ari denez, herritarrei kolaborazioa eta ardura eskatu nahi dizkiegu, horrelako jokabideak saihesteko eta udal baliabide komunak errespetatzeko”.
Azkenik, udal hautetsiak mezu garbia helarazi du: “Gogorarazi nahi dugu horrelako ekintzak zigorgarriak direla, eta beharrezko neurriak hartuko ditugula erantzuleak identifikatzeko eta dagokien ardura eskatzeko”.
