Langile eta ikasleak kalera, Palestinaren alde
Mundu bat irten da kalera Palestinarekin bat egiteko. Lantegiak eta ikasgelak hutsik, kaleak bete dira, genozidioa bukatu eta Israelekin harremanak etetea eskatzeko enpresa eta erakundeei.
Irungo CAFeko langileen protesta gaur, Palestinaren alde. Lantegiak eta ikasgelak hutsik gelditu dira gaur. Mundu bat irten da kalera Palestinari elkartasuna adierazi eta genozidioarekin negozioa egiten ari diren enpresa eta erakundeei Israelekin harreman oro eten ditzaten eskatzeko. LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT/LKN, Solidari, Etxalde eta Hiruk hiru orduko lanuzteak dituzte deituta gaueko, goizeko eta arratsaldeko txandetan eta greba orokorra hezkuntzan.
Protesta nagusia 12:30ean abiatu da Donostiako Bulebarretik, baina aurretik, asko izan dira enpresa, ikastetxe edota udaletxe aurretan protestak egin dituzten langileak. Horietako elkarretaratze batzuen argazkiak jaso ditu HITZAk.
ELA sindikatuak aparteko deialdia egin du gaurko eta lau orduko lanuzteak deitu ditu lantegietan, eta gainontzeko sindikatuek egin bezala greba orokorra hezkuntzan. Oarsoaldea eta Bidasoko protesta nagusia Errenteria-Oreretako Herriko Plazan egin du sindikatu horrek 12:30ean.
Arratsaldean ere deialdiak dira bi eskualdeetako herrietan. Ikus ondoko zerrendan.
Lezo
- 19:30. Burrunba udaletxearen aurrean.
Errenteria-Orereta
- 19:30. Manifestazioa Gamon Zumarditik abiatuta.
Oiartzun
- 19:30. Burrunba Done Eztebe plazan.
Pasaia
- 19:00. San Pedroko frontoitik, burrunba.
- 19:30. Donibaneko udaletxearen parean, burrunba (Antxotik hara joateko deia egin dute).
