Asteburu ona Donibane Eskubaloiarentzat
Gizonen hiru taldeek garaipena lortu dute asteburuan. Emakumeen taldeak, aldiz, ezin izan dio jarraipena eman iragan jardunaldiko garaipenari.
Asteburua biribila izan da Donibane Eskubaloiako gizonen taldeentzat. Iazko sasoian igoera lortu ondoren, gizonen talde nagusia (Donibane Kalaburtza) Euskadiko Senior Ligan ari da aurten. Arrosek ezin hobe hasi dute denboraldia, orain artean jokatutako hiru partidak irabazi baitituzte. Atzo lortu zuten sasoiko hirugarren garaipena, Legazpin 28-30 gailendu ondoren. Sanjuandarrak sailkapeneko lehen postuan kokatu dira.
Bigarren taldeak (Donibane Mitxintxola) ere garaipena lortu zuen zaleen aurrean, Txingudi eraginkortasun handiz menpean hartu ondoren (30-24). Lehen taldearen antzera, jokatutako lau partidak irabazi dituzte, eta sailkapeneko lehen postuan kokatu dira, Hernanirekin berdinduta.
Emakumeen taldeak, aldiz, ezin izan zion jarraipena eman iragan jardunaldiko Munttarperen aurkako derbiko garaipenari, eta 27-38 galdu zuten Bergararen kontra.
Azkenik, kadeteen taldeak garaipen sendoa lortu zuen Saiekoren kontra (33-47), erritmo biziko eta markagailu oparoagoko partida batean.
Donibane Eskubaloiak egin bezala, Pasaiako kirol elkarteek aukera dute HITZAra beren taldearen inguruko informazioa bidaltzeko.
