Gazteen ahalduntzea eta haientzako kultur eskaintza, erdigunean
Gazteei begira udazkenerako elkarlanean ondu duten egitaraua aurkeztu dute gaur eguerdian Errenteriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Lekuona Fabrikan egin dute agerraldia programazioa aurkezteko, gaur. Gazteei begira udazkenerako elkarlanean ondu duten egitaraua aurkeztu dute gaur eguerdian Errenteriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Naroa Zabala Gazteria zinegotziak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, eta Isaac Palencia aldundiko Gazteria eta Kultura zuzendariak xehatu dituzte Errenteria-Oreretan lur hartuko duten bi programen gainekoak. Treba Gazteak eta Gazte Tour programen barrukoak dira antolatu dituztenak zehazki.
Zabalak adierazi du gaur aurkeztutakoak “iniziatiba garrantzitsuak” direla, “udala eta aldundiaren arteko elkarlanaren emaitza dira, eta udalarentzat oso garrantzitsuak diren bi gainen gainean jartzen dute fokua: gazteen ahalduntzea eta gure herriko kultur eskaintza aberatsa are aberatsagoa egitea”. Treba Gazteak programaren bidez, gazteen ahalduntzerako ikastaroak jasotzen dituela azaldu du Gazteria arloko udal arduradunak, “hezkuntza formalaren esparruan eskuratutako ezagutzetatik harago garrantzitsua iruditzen zaigulako eguneroko bizitzan funtsezkoak diren beste esparruak ere lantzea, eta horretarako tresnak eskaintzea gazteei”. Treba Gazteak programaren barruan bi alderdiri erreparatuko diete: ongizate emozionalari, eta bizitzarako trebetasunei.
Gazte Tourrekin berriz, herriko kultur eskaintza aberatsa aberatsago bihurtuko dela azaldu du Zabalak; horren barruan, masterclasa eta kontzertua antolatu dituzte, biak azaroan.
Treba Gazteak programa 17 eta 24 urte arteko Gipuzkoako gazteei begirakoa da, eta prestakuntza eskaintzen die beren ahalduntze prozesuan laguntzeko, “lana/bizitza binomioan, bigarrena ardatz duena”. Finean gazteen emantzipaziorako, garapenerako eta hazkunde pertsonal eta kolektiborako prozesuak sortu eta finkatzea da helburua. Lau tailer antolatu dituzte horretarako, ongizate emozionala, begirada kritikoa, lan mundurako gaitasunak eta bizitzarako trebetasunak lantzeko. Gaitasun horiek “funtsezkoak” direla azaldu du gaztaroak bereizgarri dituen aldaketei aurre egiteko eta erabakiak hartzeko, “baina gazteek beraiek aitortzen dutenez, bizitzan moldatzeko oinarrizkoak diren trebetasun horietan gabezia nabarmenak dituzte”.
Treba Gazteak programarekin hasi zirela bost urte direla azaldu du Palenciak, “batetik Treba Gurasoak atala dago eta horren bidez hainbat tailer eta hitzaldi antolatzen ditugu gurasoei begira. Aurten 115 hitzaldi eta tailer egin ditugu Gipuzkoako 67 udalerritan. Treba Gaztea, eta Treba Nerabeak dira beste atalak; Treba Nerabeak aurten jarri dugu martxan, lehenengoz. Treba Gazteak programan 35 hitzaldi eta tailer antolatu ditugu 30 udalerritan; eta Treba Nerabean 104 tailer, 37 udalerritan”.
Gazte eta nerabeei begirako programetan lau arlori erreparatzen dietela ere azaldu du aldundiko ordezkariak. Hala, ongizate emozionala, sexualitatea, begirada kritikoa—sare sozialen eta pantailen eragina, eta fake newsak erdigunean jartzen ditu— eta bizitzarako tresnak—gazteen akonpainamendua egin emantzipaziorako bidean— lan ildoak barnebiltzen ditu.
Gazte Tour programaz ere aritu da, ondoren, Palencia. Horren bidez gazteentzako programazioak sortzea bilatzen dute, “arrakastatsua izaten ari da, eta horrek udalerrietan bi urtetik behin antolatzera eraman gaitu, gero eta gehiago direlako programazioarekin bat egin nahi duten udalerriek”. Gazte Tourren barruan bi hitzordu izango dira; azaroaren 14an mastercalassa egingo du Jose Ballesteros dantzariak, 18:00etan Dantzagunean. Doakoa da baina aurretik izena eman behar da (klik hemen). Hurrengo hitzordua, egun bat geroago, azaroaren 15ean. Ordurako kontzertua programatu dute Nikone, Zilibito Records, Oiartzungo Panterak eta DJAZK taldeekin, 19:00etan, Lekuona Fabrikan. Sarrerak, 3 euroan dira salgai (klik hemen).
Progamak Errenteria-Oreretari ez ezik Oarsoaldeko gazteei erantzun nahi diela esan du bukatzeko Palenciak
Gartziak eskerrak eman dizkio aldundiari udalarekin duen elkarlanarengatik, “egia da gure udalerrian kulturaren aldeko apustua oso handia dela, baita gazteen aldekoa ere. Guk gure programazioa dugu, aberatsa, eta Gazte Tour hori handitzera dator”. hirurek gonbidatu dituzte gazteak kulturarekin gozatzera.
Egitaraua
Tailerrak
- Bizitzarako trebetasunak. Hilaren 28an, 17:00etatik 20:00etara, Lekuona Fabrikan. Euskaraz. izena eman behar da (klik hemen).
- Lan mundurako gaitasunak eta baliabideak. Azaroaren 4an, 17:00etatik 20:00etara, lekuona Fabrikan. Euskaraz. Izena eman behar da. (Klik hemen).
- Autoezagutza eta ongizate emozionalaren oinarriak. Azaroaren 15ean 11:00etatik 13:30era, Lekuona Fabrikan. Euskaraz. Izena eman behar da (Klik hemen).
- Stop antsietatea. Hilaren 29an, 11:00etatik 13:30era, Lekuona Fabrikan. Euskaraz. Izena eman behar da (klik hemen).
Gazte Tour
- Masterclass Jose Basllesteros dantzariarekin, azaroaren 14an, 18:00etan Dantzagunean. Doan. Aurretik izena eman behar da.
- Kontzertua Nikone, Zilibito records, Oiartzungo Panterak eta DJAZK, azaroaren 15ean 19:00etan, Lekuona Fabrikan. Sarrerak 3 euro.
