Indarkeria patriarkalak eztabaidagai Emakumeen Etxean
Zineforuma antolatu du Emakumeen Etxeak gaiaren gainean hausnarketa egiteko; bi saioa egingo dituzte, ostegunean—hilak 23— lehena, eta hilaren 30ean bigarrena.
Querer telesailean oinarrituta egingo dute zineforuma. Indarkeria patriarkalaren gaineko eztabaida mahai gainean jarriko du Emakumeen Etxeak hilabete honetan, gaiaren gainean antolatu dituen bi saioen bidez. Querer telesailetik abiatuta zineforuma antolatu dute hausnartu eta eztabaidatzeko. Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako lau kapituluko telesaila da oinarrian hartuko dutena, izan ere, indarkeria patriarkalen irudikapenaren barruko tabu handienetako bati heltzen dio: bikote heterosexualen esparruko sexu indarkeria.
Ostegunean—hilak 23— egingo dute lehen saioa eta lehenengo bi kapituluak ikusiko dituzte bertaratzen direnek; bigarrena, hilaren 30ean egingo dute eta telesaileko azken bi kapituluak ikusiko dituzte. Bi saioak, 18:00etatik 20:00etara egingo ditzute. Emakumeen Etxearen programazio lantaldeak dinamizatuko du solasaldia, eta bi saioen bukaeran eztabaidatzeko aukera izango da.
Ruiz de Azua zuzendariak (Barakaldo, 1978) zuzendaritza hasiberri onenaren Goya saria irabazi zuen bere lehen film luzearekin, Cinco lobitos.
Querer telesailarekin serieko gidoi onenaren Feroz saria irabazi zuen, eta duela gutxi Donostiako Zinemaldiaren 72. edizioko Urrezko Maskorra irabazi du Los Domingos film luzearekin.
Emakumeen Etxeak zabalik ditu ateak astelehen eta ostiraletan 09:00etatik 13:00etara, eta asteartetik ostegunera, 16:00etatik 20:00etara. Telefono zenbakia, honakoa: 943 44 96 30.
