Bigarren Euskal Herrikoa Maren Galvez eta Gorka Granadorentzat
Larunbatean Seguran jokatutako Euskal Herriko 49. Dantza Txapelketan, 2021ean bezala, Galvez eta Granado onenak.
Gorka Granado eta Maren Galvez, larunbatean, irabazle izendatu ondorengo dantzaldian. Faboritoen artean ziren, eta azaldu dute izendapen hori ez zela funtsik gabekoa. Maren Galvez Garmendia lezoarrak eta Gorka Granado Terrones sopelarrak osatutako bikoteak Euskal Herriko 49. Dantza Txapelketa irabazi du, 2021ean egin bezala (iaz, 2023an eta 2022an txapeldunorde izan ziren). Larunbatean izan zen jokoan txapela Segurako Baratze pilotalekuan, eta han izan ziren hamabi bikoteen artean onenak izan ziren Galvez eta Granado. Lezoren izenean aritu ziren dantzan. Baina horiez gain, herriko beste bi bikoteek oso lan ona egin zuten.

Galvez eta Granado, irabazleei ematen zaien Koldobika Jauregiren eskulturarekin.
Horrela, iaz irabazle izan ziren Katerin Artolaren (Oiartzun) eta Iker Belintxonen (Lezo) lekukoa hartu dute gazteek, 2021ean egindakoa errepikatuz. Lehia estua izan zen, Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrak hurbil izan zituztelako, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten haiek; hirugarren Azpeitiko Jone Arriaran eta German Aranburu izan ziren.
Emozioz beteriko sari banaketa ekitaldian, bergararren izena entzun zutenean jakin zuten Galvezek eta Granadok haiek izan zirela txapelaren jabe. Emozioa oholtzan, eta harmailetan. Bi dantzariek lagun eta senideak han zirelako. Hala, 800 euroko ditu sariaz gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren saria, Segurako Udalaren oroigarria, eta irabazleei ematen dieten Koldobika Jauregik egindako eskultura haientzat izan zen.
Lezoko beste bi bikoteek oso lan txukuna egin zuten. Ihintza Erauskin Lizarazu eta Mikel Esnaola Lopez bosgarren izan ziren sailkapen nagusian; haiek, gainera, Guillermo Areizaga saria jaso zuten, Euskal Herrikoan lehen aldiz parte hartu eta sailkapen onena lortu duen bikotearena saria, alegia. Ane Jaunarena Cereijo eta Endika Osa Urkizu seigarren izan ziren sailkapenean.
Familiako kideen eta lagunen zorion mezuez gain, Mikel Arruti alkatearena izan zen bi dantzariei aitortza egiteko lehenetariko mezua. Seguran izan baitzen alkatea, zuzen-zuzenean ikusten finala. Irabazleei zorion bereziak, eta beste bi bikote lezoarrei ere oles egin zien. “Zorionak Lezoko herria hain ongi eta eder ordezkatu duzuen herriko hiru bikoteei. Zoragarria eta hunkigarria izan da”, esan du sare sozialetan Arrutik: “Bistakoa da herri dantzaria dugula gurea. Segi dezagun dantzan!”.

Seguran izan ziren eta Lezo ordezkatu zuten dantzariak, Mikel Arruti alkatearekin. Argazkia: Mikel Arruti / Instagram.
