Herri bideen zerrenda eguneratu du Lezoko Udalak
Inbentariorako informazioa biltzeko hainbat bide erabili ditu udalak, tartean, landa eremuko biztanleekin hitz egitea.
Udalaren jabetzakoak dira Lezoko herri bideak. Horien inbentarioa egin berri du udalak, eta zerrendaren hasierako onarpena irailaren 25eko udalbatzarrean eman zen. Orain, horri ekarpenak eta alegazioak egiteko epea zabaldu da, azaroaren 8ra arte. Herriko herri bideen agiri berritua ikusteko Hirigintza Sailera joan daitezke interesa dutenak, astegunetan, 08:30etik 11:30era; azterketa egin duen teknikariarekin aurrez aurre egoteko ere aukera dute herritarrek, 943 52 43 80 telefono zenbakira deitu eta txanda hartuta. Teknikariarekin aurrez aurreko horiek hilaren 21, 30 eta azaroaren 4rako 09:00etatik 14:00etara; eta hilaren 29an eta azaroaren 5erako 16:00etatik 19:00etara prestatu dituzte.
Herri bide asko daude herrian. “Orain arte ez dira denak ofizialki kokatu eta zenbatu”, esan du udalak. Lan hori egiteko hainbat bide jorratu ditu udalak. Batetik, Conchi Uriarte Seminario nekazal teknikariarekin lan egin du, bide guztiak identifikatu eta erregistroa egiteko ikerketa eta dokumentazio bidez; “horrela, bide horietan lanak egin behar izanez gero edo beste beharren bat egonez gero, errazagoa izango da bideen identifikazioa.
Landa ikuskapena egiterakoan ezinbestekoa izan da eremu horietako bizilagunekin elkartzea, “bide horiek ezagutzeko aukera gehien duten pertsonak dira, nekazaritza arloarekin duten harremanari esker Bideak gehien erabiltzen dituztenak haiek dira, eta informazio iturri garrantzitsu izan dira udalarentzat eta teknikariarentzat”. Tokian tokiko ikerketetan, lana ikuskapena egiteaz gainera, bideak identifikatu eta denen ezaugarriak jaso dira (zabalera, egora, zorua…). Ikerketa lanaren barruan, udal artxibategiko agiriak zein beste txosten baliatu dira.
Ikerketa, ikuskatze, eta datu jasotze guztiaren ondorik bi dokumentu osatu ditu udalak. Lehenean, bide bakoitzeko fitxa bat jaso dute, zehatz. Bide bakoitzari zenbaki bat eta izen bat eman diote. Beste dokumentua bide guztiak jasotzen dituen planoarena da.
