Pasaiako euskaltzaleak elkartuko ditu Bokalek
Bokalek hirugarren topaketa egingo du ostegunean Donibaneko kulturgunean, 18:30ean. Saioa Pasaian euskara sustatzen ari diren norbanako eta eragileei begirakoa da.
Bokale Pasaian euskara sustatzen dabiltzan eragileen elkargunea da. Elkarte hori Pasaiako Udalaren eta herriko eragileen arteko elkarlanerako gune bihurtu da, eta, ostegunean (hilaren 23an) Bokaleren hirugarren topaketa egingo dute Donibaneko kulturgunean, 18:30etik 20:00etara. Elkartea egiten ari den lanaren berri emango dute, lan horri balioa emateko eta indarrak batzeko.
Osteguneko topaketa norbanako eta eragile euskaltzaleei begirakoa da; hau da, Pasaiako Udalarekin elkarlanean dabiltzan eragileei, barrutietako euskaltzale batzordeetan dabiltzan norbanakoei eta Pasaian euskararen alde egiten ari denaren berri izan nahi duten norbanako edo eragileei luzatu diete saiora bertaratzeko gonbidapena.
Ekitaldian, Bokalen azken urteetan aurrera eraman diren egitasmoak aurkezteaz gain, Taupa euskaltzaleen mugimenduko kideak izango dira. Taupako kideek euskararen erabileraren aldeko herritarren aktibazioa zer den eta zergatik den garrantzitsua azalduko dute. Horrez gain, euskararen sustapenean nabarmendu diren pasaitarrei saria emango zaie. Azkenik, Aleka antzerki taldeak topaketarako berariaz prestatutako emanaldia eskainiko du. Ekitaldia bukatzeko, mokadutxo bat prestatuko dute sustatzaileek.
Bokalek eta Pasaiako Udalak pasaitar euskaltzale guztiak gonbidatu dituzte osteguneko saiora. Bertaratu nahi dutenek Euskara sailaren helbidera idatzi beharko dute.
