Tokiko moneta aurkeztuko dute asteazkenean, San Pedron
Iragan astean Donibanen izan ondoren, San Pedroko Udal aretoan aurkeztuko dute Euskoaren proiektua, 19:00etan.
Euskoekin ordainketa eginda.Imanol Saiz Gomez de Segura Euskoa Europako tokiko monetarik garrantzitsuenetakoa bihurtu da, eta Ipar Euskal Herrian 12 urte daramatzate moneta hori erabiltzen. Euskoaren iniziatibak Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrira egingo du jauzi, eta proiektu pilotuak jarriko dira martxan Baztanen eta Oarsoaldean.
Gizartearen Moneta Elkarteak adierazi du tokiko ekonomia eta harreman sozialak indartzeko tresna gisa aurkeztuko dela tokiko moneta. Oarsoaldean hasiko den proiektu pilotuak arlo ekonomiko eta sozialean bide eta aukera berriak irekiko dituela nabarmendu dute sustatzaileek.
Sustatzaileak jakitun dira Oarsoaldea eremu anitz eta urbanoa dela, berezko ezaugarriekin eta komertzio eta zerbitzu eskaintza zabalarekin. Hori dela eta, tokiko monetaren proiektua herri bakoitzaren ezaugarrietara egokituko dute, eta urrats hori tokiko eragileekin egin nahi dute hasieratik, elkarlanean.
Sustatzaileak aurkezpen bilerak egiten ari dira herritarrei eta herriko eragileei proiektua aurkezteko eta parte hartzera gonbidatzeko. Lezon eta Errenteria-Oreretan aurkeztu dute jada proiektua. Orain, Pasaian emango dituzte tokiko monetaren gaineko xehetasunak. Hilaren 16an Donibaneko Juanba Berasategi aretoan aurkeztuko zuten proiektua. Orain, San Pedroko Udal aretoan izango dira. San Pedroko saioa hilaren 22an (asteazkena) izango da, 19:00etan.
