Agintaldi erdiaren balorazioa egin du PSE-EEk
Alderdi sozialistaren ustez, udal gobernuaren "pasibotasuna, lidergo falta eta proiektu berriak udalerriak behar duen etorkizuna oztopatzen ari dira".
Pasaiako PSE-EEk informazio aldizkari bat sartu du herriko etxeetako postontzietan, legegintzaldiaren erdiaren balorazioa jasotzen duena. Honela definitu du alderdi sozialistak udal gobernuaren bi urte baino gehiagoko kudeaketa: “EH Bilduren eta Podemosen gobernuaren pasibotasuna, lidergo falta eta proiektu berriak udalerriak behar duen etorkizuna oztopatzen ari dira”.
Lore Suarez bozeramaile sozialistaren hitzetan, udal gobernua “errentetatik” bizi da. PSE-EEk gobernatzen zuenean “162 milioi baino gehiago” lortu zituztela gogorarazi du bozeramaileak, “Pasaian administrazioaren agendetan jarri dituzten inbertsio proiektuetarako”.
Egungo errealitatea, baina, “desberdina” dela adierazi du Suarezek: “Gobernu talde honek ekimen, lidergo eta borondate politiko falta nabarmena erakusten du. Pasaiak kudeaketa gaitasuna eta herritarren etorkizunarekiko benetako konpromisoa duen gobernua behar du”.
PSE-EEk etxebizitzaren krisian ere jarri du arreta, eta esan du “lehen mailako” arazoa dela hori: “EH Bilduren eta Podemosen gobernuaren apatiaren aurrean, erantzuna, beste behin ere, sozialisten eskutik etorri da. Alderdi sozialistaren kudeaketari esker, 190 etxebizitza birgaitu dira Andonaegin, 15 milioi euro baino gehiagoko inbertsioarekin, Izaskun Gomez alkate sozialistak eta Iñaki Arriola eta Denis Itxaso Etxebizitza sailburu sozialistek hartutako konpromisoari esker”.
Horrez gain, alderdi sozialistak udal gobernuaren “agenda ezarri” duela adierazi du, “babesgabetasun uharte izateari uzteko, inguruko udalerrien araudiaren erdian”. Alderdi sozialistak nabarmendu du udalerria tentsionatutako eremu izendatuko dela, etxebizitza merkatuaren prezioa kontrolpean izateko.
“Horrek agerian uzten du erritmo onean aurrera egiten ari diren proiektu bakarrak EH Bilduren eta Podemosen egungo gobernua iritsi aurretik martxan jarritakoak direla, eta sozialisten babesarekin garatzen ari direla gobernu ezberdinetan. Horren adibide argia da Antxon topoaren garapena, lurpeko geltoki berri bat eraikiz eta biaduktua eraisteko proiektua. Hori guztia Eusko Jaurlaritzan alderdi sozialistaren bultzadari esker eta udalean PSE-EEren agindupean sortu da. Legegintzaldi honetan errealitate bihurtuko da, eta, gainera, maiztasunak hobetuko ditu”, esan du alderdi sozialistak.
Udalerriko PSE-EErentzat enplegua sortzeko eta gizarte babes handiagoa izateko planak falta dira, “eta proiektu asko daude oraindik errealitate bihurtzeko zain”. Zenbait zenbatu dituzte: “Zirizaren kasua Trintxerpen, oraindik ere erreferente kultural eta sozial bihurtzeko zain dagoena. Oraindik ez da aparkaleku berririk garatu, hala nola, Andonaegiko depositua edo Luzuriagako bigarren faseko aparkalekua. Gainera, gobernuak portu agintaritzarekin negoziatu gabe jarraitzen du, eta horrek Donibaneko eraikina edo alkateordetza eta Trintxerpeko merkatua baldintza ditzake”.
Horrez gain, mantentze lan, garbiketa eta asfaltatze falta dagoela salatu du alderdi sozialistak, eta Antxok plangintza bat “premiaz” behar duela gaineratu du, “hiri berreskurapena definitzeko eta bizitegi lurzorua eta kultura, kirol eta osasun ekipamenduko lurzorua eskura jartzeko”.
Bukatzeko, honakoa esan du PSE-EEk: “Aurrerapenarekin, kudeaketa eraginkorrarekin eta herritarren interesen defentsarekin duen konpromisoa berretsi du PSE-EEk. EH Bilduren eta Podemosen paralisiaren eta norabide faltaren aurrean, planifikazioan eta bizilagunen arazoei benetako konponbideak bilatzean oinarritutako eredua defendatzen dugu. Aukerak sortuko dituzten eta herritar guztiek lekua izango duten Pasaia hobea sendotuko duten proiektuak bultzatzen jarraituko dugu”.
