Azkuene kaleko galtzada konponduko dute hilaren 28tik 31ra
Trintxerpeko jarduketa horiek eguraldi onarekin egin ahalko dira soilik, eta trafiko aldaketak eragingo dituzte.
Hilaren 28tik 31ra bitartean, Ulia hiribidea 1 eta Azkuene kalearen arteko galtzada konpontzeko lanak egingo direla iragarri du Pasaiako Udalak. Lan horiek ahalik eta azkarren eta modu eraginkorrenean egiteko, Trintxerpeko trafikoan eragina izango dute.
Alde batetik, ezin izango da sartu Ulia hiribidea 1-3 eta Errenteria kaletik Azkuene kaleraino. Bestalde, Azkuene kalera sartu nahi duten ibilgailuek Ulia etorbideko goiko aldetik egin beharko dute. Errenteria kalera eta Ulia etorbideko 3. zenbakiko garajeetara sartu eta bertatik irten nahi duten ibilgailuek ohiko noranzkoaren kontra egin beharko dute, eta tarte hori bi noranzkokoa izango da. Azkuene kaletik, aldiz, uneoro zirkulatu ahal izango da.
Lanak hilaren 31ko 08:00etan bukatzea aurreikusi du udalak. Jarduketa horiek egiteko, udal erakundeak 7.399,15 euroko inbertsioa egin du.
Obra horiek egiteko, euririk ez egitea funtsezkoa dela adierazi du udalak. Eguraldi txarra egiten badu eta lanak atzeratu behar badituzte, udalak data aldaketen berri emango duela nabarmendu du.
