Giro aparta Zabala Enea II gaztetxearen urteurren egunaren hasieran
Euskal gazte sortzaileen azoka egin dute goizean zehar Alamedan, 18 postuz betea. Ondoren, 70 lagun inguru elkartu dira bazkaltzeko.
Zabala Enea II gaztetxearen urteurrena ospatzen ari dira gaur. Programazio luzea dute gaurko, baina musikak foku guztiak hartu aurretik, hainbat gauza egin dituzte goizean zehar. Alamedako plaza bereganatu dute gazteek, eta ondoren, eguerdi aldera, Agirre Lehendakariaren plazara mugitu dira. Hor egongo dira gauera arte, bazkaria bukatu, jolasak egin eta azkenik, kontzertuak izango dituzte eta.
Gazte sortzaileen azoka bat izan da gaur goizean Alamedan. 18 postu jarri dituzte, Euskal Herri osotik etorritako sortzailez beteta. “Gauza asko daude, eta ez dut diru asko ekarri, bestela dena gastatuko baitut”, adierazi du bertaratutako gazte batek. Bitxiak, arropa, marrazkiak, txakurrentzako osagarriak… denetarik aurkitu dute bertaratutakoek. Giro ona gailendu da goizean zehar, eguraldiak lagunduta. 13:30ean itxi dituzte postuak, eta pixkanaka jendea Agirre Lehendakariaren plazara hurbildu da.
Aurten, paella jan dute gazteek. 70 lagun inguru elkartu dira bazkarian. Aurretik, gazte asanbladako hiru kidek irakurketa bat egin dute, gaztetxearen ibilbidea birpasatuz. Horrez gain, ez da falta Ibon Zabalaren aitortza eta omenaldia. “Guretzat oso garrantzitsua da herriko gazteak horrela elkartzea, eta gainera politagoa urteurren bat izanik. Egun luzea dugu aurretik, beraz tripa betetzea ezinbestekoa dugu”, azaldu du bazkariko kide batek.
Egun luzea
Bazkalostean sorpresa bat izango dute, antolakuntzako kideek ezkutuan gorde dutena. Ondoren, 18:00etan Elektrobuiaka elektrotxarangak emango ditu eguneko lehenengo doinuak, eta hortik aurrera, musika ez da geldituko. Kontzertuak izango dira plazan (Perlata, Streetwise eta Rebel Noise) eta gaua gaztetxean amaituko dute, DJ Bullen eskutik.
Hona hemen gaur goizean HITZAk irudikatutako momentuak:
