Gau Beltzak lau barrutietara iritsiko dira
Herriko eragileen ekimenez, ostiralekoa urteko gau beldurgarriena izango da Pasaian, Gau Beltzak ospatuko baitira lau barrutietan.
Ostiralekoa urteko gau beldurgarriena izango da, Gau Beltza ospatuko baita Pasaiako lau barrutietan. Herriko eragileek, elkarlanean, egitarau zabala ondu dute, eta lau barrutietan egingo dira Gau Beltzaren bueltako jarduerak. Pasaitarrak arratsaldetik hasiko dira ilunabarra girotzen, eta gauerako ere hainbat jarduera ondu dituzte. Aurretik ere girotu dute etziko eguna, Antxon, Donibanen eta San Pedron buruarinak egiteko tailerrak antolatu baitzituen Bokalek. Trintxerpen, gainera, azaroaren 2an (igandearekin) ere egingo dituzte Gau Beltza ardatz duten ekintzak. Hona hemen barruti bakoitzeko programazioa:
Gau Beltza 2025
Antxo
- 17:00-19:00: Biteri plazan, erraldoiak, txokolatada eta tailerrak.
- 19:00: Biteri plazatik, Beldur Ibilbidearen hasiera.
Donibane
- 17:30: Bixi Bixin, kalabaza tailerra eta aurpegi margoketa.
- 19:00: Kalejira gozoki eskean.
- 19:15: Udaletxearen atarian, zezensuzkoa. Ondoren, gozoki eskean desfilea plazarantz. Segidan, Kultur Aterpean, merienda eta karaokea.
San Pedro
- 16:30: Pilotalekuan, mozorroen prestaketa eta Buruarinen kalejira.
- 17:30: Pilotalekuan, Xanduli Manduli Altxorraren Bila jarduera.
- 18:30: Herrigunetik hilerrirako bidea. Ondoren, Herriko Plazan, ikuskizuna eta gaztaina jatea.
- 20:30: Herriko Plazatik, Ibilbide Beldurgarria (10 urtetik gorakoentzat).
Trintxerpe
- 19:30-23:30: Alkateordetzan, Akelarre Gaua Ekaitza gazte taldeak antolatuta, gaztetxoentzat. Beldurrezko filma, afaria (etxetik eramandakoa) eta Beldurrezko Erronka izango dira.
- Azaroaren 2an (igandean) haurren saioak izango dira: LH1-LH4 tartekoena, 16:00etan, alkateordetzan; LH5-LH6koena, 18:10an, Karmengo Aman; DBH1-DBH4koena, 19:45ean, Karmengo Aman.
