Doluan izandako ametsa abestira eraman du du Ilargik, 'Jaizkibel'
Azaroaren publikatuko duen diskoaren bigarren singlea aurreratu du abeslari lezoarrak. Aita hil ondorengo dolua du oinarrian.
Hirugarren diskoa izango duenaren bigarren singlea aurkeztu du Ilargi abeslari lezoarrak, Jaizkibel. 2022an hil zen sortzailearen aita, eta dolu prozesuan zela izandako amets bat eragindako bultzadatik sortutako kantua da, “Aitarekin Jaizkibelen nengoela amestu nuen”, esan du. Izan ere, haur zela maiz joaten zen Ilargi Arrizabalaga Alberdi bere aita zenarekin herriko mendira, Mikel Arrizabalaga Pikabearekin, “abestiren oinarrian, galera batek eragiten duen hutsunea betetzeko beharra dago”, zehaztu du sortzaileak. Jaizkibelgo Mitxintxola eremuan egin zuten bat, ametsetan, alabak eta aitak. Kantaren bideoklipa ere egin du (behean ikus daiteke).
Jaizkibel-en musika eta hitzak Ilargik egin ditu. Grabatzerako garaian Haritz Harreguy izan du alboan, haren estudioan grabatu eta nahasi delako. Mikel Zubiria (perkusioa) eta Manu Moro (gitarran) izan ditu lagun lezoarrak kantuan. “Kanta sortu nuenean ez nintzen kontziente atzetik zegoen minaz, eta hasiera batean, alaia zela iruditzen zitzaidan. Gerora ohartu naiz kantaren atzetik dagoen minaz, nire aitarekin oroitzeko beharraz eta ahazteko beldurraz, eta honi buruz ere hitz egin behar dela uste dut”, adierazi du Ilargik.
Azaroan publikatuko du osotasunean bere hurrengo diskoa Ilargik, Hil artean bizi.
Bideokliparen xehetasunak
Jaizkibel abestiaren bideoklipa Jon Alberto Lejardik zuzendu du. Ikus-entzunezkoaren oinarria, abestiaren atzean dagoen ahanzturaren beldur eta oroitzeko desio hori islatzea izan dela adierazi du Ilargik, baita bizitako prozesua sinbolikoki islatze ere. Lejardik eman ditu bideoaren xehetasun gehiago: “Lan honekin Ilargiren gainditze arkua irudikatu nahi izan dut: iraganeko zaurien kontzientzia hartzea, gutuna (kanta) idazteko ekintza, eta azkenik, hori erreta errauts bilakatu eta bizitza berriarentzako elikagai bihurtzea. Bidaia fisiko eta emozionala da”.
Doluaren gaia, Jaizkibel abestiaz gainera, beste era askotara landu du lezoarrak. Adibidez, Gaztezulo-rekin elkarlanean, Dolum(u)inak saioa egin du.
