Udal langile guztiekiko "babes instituzionala eta erabateko konpromisoa" adierazi du udalak
Errenteriako langile publikoek "konpromisoz, profesionaltasunez eta zerbitzu bokazioz" egiten dutela lan adierazi dute alderdi politikoek aho batez adostutako adierazpen instituzionalean.
Errenteriako Udalak zergen kobratzea berreskuratzen ari da pixkanaka. Errenteriako Udalak, erakunde horretan diharduten langileen aldeko adierazpen instituzionala egin du. Prentsa ohar bidez helarazi du udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek aho batez adostu duten adierazpena. Errenteriako Udaleko langile publikoek “konpromisoz, profesionaltasunez eta zerbitzu bokazioz” egiten dutela lan jaso dute bertan, baita funtsezko eginkizuna dutela guztiek udal zerbitzuen funtzionamendu egokirako zein udalerriaren bizikidetzarako.
Adierazpenaren zioa azaltzeko atzera begira jarri dira, 2023ko abendura zehazki: “San Tomas eguneko jaian, udaltzaingoaren jarduketa bat izan zen. Gaur egun judizializatuta dago. Azken asteotan, auzibide hori dela eta, eta epaitegiek zer ebatziko zain egon gabe Cacahuete Fest izeneko jaialdi bat antolatu dute”. Jaialdi hori aurkezteko testuinguruan Muntai polizialik ez izenburupean Errenteriako Udaltzaingoaren kontra “salaketa onartezinak” egin izana egotzi diete antolatzaileei: “Komunikatu horretan diote, besteak beste, herritarrenganako jarrera oldarkorra duela Udaltzaingoak, beraien indarkeria herritarren aurkako indarkeria bihurtzen dutela, eta poliziak inoiz ez gaituela babestu. Are gehiago, adierazi dute muntai polizia bat gertatu zela 2023ko San Tomas egunean”.
Onartezintzat eman dituzte salaketa horiek adierazpenean udal talde politikoek, herritarrek udal zerbitzuengan duten konfiantza “ahultzen” dutelakoan eta “zilegitasuna kentzen” diotelakoan “Errenteriako herritar guztientzat lan egiten duten enplegatu publikoen lanari”.
Udalaren betebeharra dela bere langile guztiekiko “errespetua bermatzea” esan dute azkenik, “langile guztiekiko errespetua ziurtatzea, eta langileek beren zereginak ingurune seguru batean egin ahal izango dituztela bermatzea, izena zikintzeko girorik gabe. Era guztietako seinalatze eta konfrontazioak arbuiatuz. Aldi berean, herritarren esanetara gaude, eta beraz ezinbestekoa da hurbileko eta kalitatezko zerbitzua bermatzea, etengabe hobetzeko bokazio argiz”.
Horrenbestez lau puntu adostu dituzte alderdi guztiek, ondokoak:
1. Errenteriako Udaleko Udalbatzarrak babesa eta aitortza adierazten die udal langile guztiei, bereziki herritarrei arreta zuzena ematen aritzen direnei, eta berresten du haien osotasuna, duintasuna eta errespetu profesionala babesteko duen konpromisoa.
2. Udalbatzarrak arbuioa adierazten dio dolozko zeinahi ekintzari, ekintza horrek sustatzen badu udal langileen izena zikintzea eta haien lanari zilegitasuna kentzea, kasu jakin honetan, Errenteriako Udaltzaingoarenari, eta orobat aitortzen du egiten duten ezinbesteko lana.
3. Udalbatzarrak konpromisoa hartzen du ingurune instituzional eta sozial segurua bermatuko duela langile publikoentzat, eta behar diren neurriak hartuko dituela haien segurtasuna, osotasuna eta egiten duten lanarekiko errespetua babesteko.
4. Errenteriako Udalak berresten du Errenteriako herritarrekin duen konpromisoa. Berresten du, halaber, zerbitzu publikoarekin duen konpromisoa, etengabe hobetzeko eta kalitatezko arreta emateko bokazioa, bai eta bertako langile guztiekin duen konpromisoa ere, eta gogorarazten du horietako bakoitzaren jarduna lagungarri zaiola Errenteriako herritar guztion ongizateari, segurtasunari eta bizikidetzari.
