Alaberga irisgarriagoa egingo du udalak
Auzotarrekin adostuta irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko ditu udalak datorren astean. Lanen berri emateko agerraldia egin dute Aizpea Otaegi alkateak, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak, eta Alabergako hainbat bizilagunek.
Udal ordezkariak, auzotarrekin batera Alabergako irisgarritasuna hobetzeko lanen agerraldian. Alaberga auzoa irisgarriagoa egin nahi dute, eta horri begira auzo horretan egingo ditu esku hartzeak aurkeztu ditu udalak. Atzo arratsaldean egin zuten agerraldia horretarako Aizpea Otaegi alkateak, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak eta Alabergako hainbat bizilagunek. Datorren astean hasiko ditu udalak lanak 29, 30, 31 eta 32 zenbakiko atarien eta Alaberga auzoko erdialdearen arteko irisgarritasuna hobetzeko.
Egun eremu horretan badiren ibilbide irisgarriei jarraipena emango diete lanek Alabergako hiri igogailua 31. zenbakiko arrapalaraino lotuz. Esku hartze hori, Errenteriako Irisgarritasun Planean jasota dagoela azaldu du Otaegik eta auzoaren eskaerari erantzuten diola, “izan ere, eraikinen atarietarainoko irisgarritasuna hobetzeaz gain, auzoko mutur horretan oinezkoen konektibitate irisgarria osatzen du”.
Udalak 148.717 euroko inbertsioa egingo du lan horiek egiteko, eta epea berriz, lau hilabetekoa izango da. Obra handiek izaten dutela irisgarritasun arloan sona ere esan du alkateak, “bide horretan garrantzia estrategikoa dute igogailuek gure herrian. Agintaldi honetan bi igogailu berri, bata egin eta beste martxan jarriko da. Erdialdea eta Gaztaño lotzen duena da bat eta dagoeneko martxan da eta Pontika Luis Mariano eta Igantzi lotuko dituen igogailu berria dagoeneko proiektua idatzita eta obrak martxan jartzeko moduan dagoena”. Alabergan astelehenean abiatuko dituztenak esku hartze txikiagoak direla baina auzotarren egunerokoan garrantzia handikoak direla, euren mugimenduak errazten dituztelako ikaragarri adierazi du, “hortaz obra handiak bezain garrantzitsuak dira”.
Iragarri du, gainera, Igantzin antzeko esku hartzea abiatuko duela udalak datozen asteetan.
Bizilagunek nabarmen du dute auzoa oso zaharra dela eta eskailera ugari dituela, “sotoetara heltzeko eskailerak daude kasu askotan, eta ezin dugu auzoko guztietan eragin, baina batzuk ematen dute zero kuotan jartzeko aukera. Kasu horietan oso garrantzitsua da bizilagunentzat eta auzoarentzat”.
Etxebizitza horietan bizi diren 40 bizilagunek jasoko dituzte zuzenean irisgarritasuna hobetzeko lanen onurak zuzen-zuzenean, baina baita etxe horietan bizi gabe bertatik igarotzen direnek ere.
