Urdabururen rollerski lasterketa, azaroaren 8an
Helduentzako eta gazteentzako lasterketak izango dira, kategoriaren araberako ibilbidearekin. Sarien banaketa, elkartearen egoitzan.
Azaroaren 8rako (larunbata) antolatu du Urdaburu Mendizale Elkarteak Arditurriko XVII. Rollerski Lasterketa. Helduen eta gazteen lasterketak ditu barruan lehiak, eta kategoriaren araberako ibilbideak prestatu dituzte; biek ala biek Arditurriko bidegorria izango dute probaleku. Izena emateko epea zabalik da.
Hala, helduen zirkuitua Mamuten hasi eta Arditurrin bukatuko da, 7.200 metrokoa da. Gazteenak, aldiz, Fortaleza jatetxean izango du abiapuntu eta Arditurrirako bidea egingo dute partaideek, 3.600 metro eginez. Ordutegien aldetik, honakoa da azaroaren 8ko egitaraua:
- 15:30. Dortsalen banaketa Oiartzungo Mamut-Alcampon.
- 16:00. Helduen irteera Mamutetik.
- 16:00. Gazteen irteera Fortalezatik.
- 18:30. Sari banaketa ekitaldia eta merienda Urdabururen egoitzan (Juan Olazabal 23, Errenteria-Orereta).
Izena emateko hiru bide prestatu ditu mendizaleen elkarteak. Lehena, elkartera joatea da, Errenteria-Oreretako Juan Olazabal kaleko 23 zenbakira (arratsaldez); 943 52 78 79 telefono zenbakira deituta ere eman daiteke izena, baita korreo elektroniko mezua bidalita ere: klik egin hemen posta helbide horretara joateko.
Arauen aldetik, derrigorrezko batzuk bete behar direla azaldu dute Urdaburutik. Hala, partaide denek kaskoa eta betaurrekoak erabili behar dituzte; rollerskiek klasikoak behar dute izan, eta horiek autoretorno gurpil bat izan behar dute gutxienez. Partaideek federatuta egon behar dute, eta antolatzaileak ez dira erantzule egingo partaideek lesioak badituzte, norberari eragindakoak, edo besteren bati egindakoak.
