Zerga eta tasen proposamena onartu du udalak
Testuak aurrera egin zuen astearteko ohiko oso bilkuran udal gobernua osatzen duten alderdien babesarekin eta oposizioko bi taldeen kontrako botoekin.
Pasaiako Udalak behin betiko argi berdea eman dio 2026ko zerga eta tasen proposamenari. Testuak aurrera egin zuen astearteko ohiko oso bilkuran udal gobernua osatzen duten alderdien babesarekin eta oposizioko bi taldeen kontrako botoekin.
Zerga eta tasen proposamena onartuta, Teo Alberro alkateak eskerrak eman dizkie oposizioko alderdiei erakutsitako prestutasunagatik: “Hasieratik egin genien negoziatzeko eta akordioetara heltzeko gonbidapena, eta proposamen zentzuzkoak eta eraikitzaileak egin dituzte. Azkenean ez dira txertatu, baina jarrera eskertzekoa da”.
Alberrok azaldu du EAJren proposamenaren erantzuna udaleko zerbitzu teknikoekin kontrastatu ondoren iritsi dela: “Une honetan ez dago modurik proposatu duten hori bideratzeko, eta beraz, egin duten eskaera ez txertatzeko arrazoia teknikoa izan da, ez politikoa”.
Bestalde, PSE-EEk OHZren errekargua atzeratzea eskatu zuela baietsi du alkateak, “azterlan bat egin arte”. Honakoa esan du Alberrok: “Ikerketa hori eginda dago etxebizitzaren diagnostikoan, eta udalbatzak aho batez (PSE-EE barne) onartutako ekintza planean jasotako neurria da errekargu hori ezartzea. Kronograman zehaztuta dago, gainera, aurten martxan jarri beharreko neurria dela hori, eta sinetsita gaude Pasaiako etxebizitzaren egoera larriak eskatzen duela premiaz eta urgentziaz hastea erabakiak hartzen etxebizitza hutsak mobilizatzen hasteko berandu baino lehen”.
Proposamenaren ildo nagusiak
Udal gobernuak hilaren 17an publiko egindako proposamenaren ardatza izan da “familia zaurgarrienak eta herriko gazteen inklusioa lehenestea”. Hauexek dira onartutako lanketaren ildo nagusiak:
- Gazteriako tasen progresibitatea: Diru sarreren eta seme alaba kopuruaren araberako hobari bidezkoagoak familia zaurgarrien aukera berdintasuna bermatzeko.
- Etxebizitza hutsei errekargua OHZn (%150): Hutsik dauden etxeen merkaturatzea bultzatzeko.
- Portuko ur tasa eguneratzea: Jarduera industrialen pareko tarifa ezartzea, baliabideen erabilera justua bermatuz eta udal diru sarrerak handituz.
- Ekonomia jardueren zergaren eguneraketa: Fakturazio handiena duten enpresek ekarpen proportzionalagoa egin dezaten.
Bukatzeko, honakoa adierazi du alkateak: “Proposamenaren norabidea udal baliabideen erabilera bidezkoa eta gizarte ongizatearen aldekoa da, eta zerbitzu publikoen kalitatea eta iraunkortasuna bermatzea du xede”.
PSE-EE, aurka
Pasaiako PSE-EEk udal gobernuak aurkeztutako tasa eta zerga proposamenaren aurkako botoa eman duela adierazi du, “etxebizitza mobilizatzeko oso eraginkorrak ez direla iritzita eta familiei hondakinen tasa ordaintzea ezinezkoa dela ikusita”.
Alderdi sozialistak “errefusatu” egin du etxebizitza huts bakoitzeko OHZren %150eko errekargua. PSE-EEk gogorarazi du errekargu hori 2015ean kendu zuela, alkatetzara iritsi zirenean: “Ohartarazi genuen neurri horrek ez duela lortzen merkatuan etxebizitza gehiago jartzeko helburua”. Egun, jarrera bera dutela nabarmendu dute, “are gehiago udalerrian dauden etxebizitza hutsen errealitatearekin eta Pasaian familia askok pairatzen duten etxebizitza eskuratzeko krisiarekin”.
Lore Suarez bozeramaileak adierazi du etxebizitzaren arazoa ez dela “diru bilketarako grinarekin konponduko”. Horren aurrean, “erregulazioa, kontrola eta ikuskapena” aldarrikatu ditu, “hutsik dauden etxebizitzek Pasaiako merkatua distortsionatu ez dezaten”. Horrez gain, honakoa esan du %150eko errekarguaren inguruan: “Etxebizitza bat arrazoizko prezioan alokatu edo erosi nahi duten pasaitarrentzat onura errealik gabeko diru sarrera berria izango da udalarentzat”.
Etxebizitzaren aferaz gain, alderdi sozialistak baietsi du hondakin tasaren kontra ere egin dutela, %15 igo baita. Ordainagiri hori azken hiru urtetan ia 60 euro igo dela zehaztu du Suarezek, eta deitoratu du udal gobernuak ez duela “justizia sozialeko neurririk ezarri” arlo horretan.
“Gobernuari hobariak aplikatzea proposatu diogu, pasaitar familiei laguntzeko, batez ere gehien ahalegintzen direnei. Hala ere, banatutako erabilera txartelek oraindik ez dute uzten hondakinen sorrera behar bezala zenbatzen. Tasa hori igotzen duten bizilagunak zigortzea saihets daiteke, eta hondakin gehiago edo gutxiago sortzen dutenak ez saritzea, hobariak aplikatzea ahalbidetuz”, esan du bozeramaile sozialistak.
PSE-EEk gogorarazi du negoziazio prozesu bat ireki zela OHZren errekargua ez aplikatzeko eta hondakinen ordainagirian hobariak sustatzeko akordio bat lortzeko: “Elkarrizketaren bidez saiatu gara; izan ere, gehiengo absolutua duen gobernu bat aurrean izanda, zaila da oposizioak aurkeztutako zuzenketek aurrera egitea”.
Horrez gain, PSE-EE EH Bildurekin negoziatzen hasi zela adierazi du Suarezek: “Gure jarrerekin bat zetozela onartu bazuten ere, azkenean ez dute gure proposamenen bideragarritasuna aurreikusi. Gure ustez konponduta egon beharko liratekeen gai teknikoengatik, gure proposamenak aplikatzea ezinezkoa zela adierazi ziguten”. Alderdi sozialistaren ustez, “aldaketa nabarmena” izan da udal gobernuak ordenantzen eztabaidan hasitako elkarrizketarako jarrera, eta “egun bateko lorea” ez izatea espero dute.
Bukatzeko, PSE-EEk “udalerriaren ongizatearekiko konpromisoa” berretsi eta “elkarrizketarako jarrera irekia” izango duela baietsi du: “Ikusiko dugu ea aurrekontuaren hurrengo negoziazioan alkateak benetako borondatea duen gure taldearekin hitz egiteko eta adosteko. Argi utzi nahi dugu gure atea beti irekia dagoela, baina soilik Pasaiako bizilagunei zuzenean mesede egingo dieten akordioak lortzeko”.
