Gabierrota: auzo bat, elkartasunari emana
Aita Mariren eta Palestinaren aldeko asteburu solidarioa antolatu du Gabierrotako Laguntasuna Auzo Elkarteak, azaroaren 7tik 9ra. Egitarau zabala eta elkartasuna barra-barra; bertaratzeko deia zabaldu dute.
Asteartean aurkeztu zituzten jardunaldiak Laguntasuna elkartearen egoitzan.Dani Novas Elkartasuna bor-bor. Horrela izango da Gabierrota auzoa azaroaren 7tik 9ra bitartean Laguntasuna Auzo Elkarteak eta auzoko 2.000 bizilagunetako asko-askok seigarrenez jarraian antolatu dituzten elkartasun jardunaldien harira. Astearte arratsean aurkeztu zuten ondu duten egitarau solidarioa Victor Manuel Gomez Vega Laguntasunako ordezkariak, Vanesa Carneiro Garcia Palestinaren aldeko ekintzaile donostiarrak, Ainhoa Muxika Aita Mariko kideak, eta Erika Correa zumba irakasleak, beste hainbeste auzotarrek lagunduta. Aita Mariren bueltan abiatu zuten elkartasun iniziatiba auzotarrek, baina «zoritxarrez», egoerak derrigortuta, Palestinarekin ere pentsatzen hasi behar izan zuten iaz. Hala azaldu du Gomezek, eta aitortu, auzo guztia izaten dela Behobia-Donostia lasterketaren asteburuaren zain, «denek nahi dute ekarpena egin, bakoitzak bere modura».
Gozatzeko jarduerak antolatzen dituztela eta hori badela kontraesankorra esan zuen: «Bizitzak salbatzeko dirua biltzeko antolatzen ditugun jarduerak, disfrutatzeko direlako. Helburua, dirua lortzea da, elkartasun hori jasotzea; jardunaldi hauekin lortzen badugu pertsona edo familia bakar batek bero jan dezan bermatzea, ekarpena egin dugun asetasunarekin oheratuko gara». Elkartasun jardunaldien bidez auzoa egiten dutela adierazi zuen Gomezek, «arrazoi on baten alde elkartzen gara auzotarrak kalean, eta horrek herri egiten gaitu». Gabierrotak auzolan eta borroka iragana ere duela jarri zuen nabarmen, harro, eta soka horri tiraka segitzea beharrezkoa jo zuen gainera.
Asteburu osoko jardunaldiak lau urtean behin antolatzea erabaki zuten, «olinpiaden moduan», eta gainontzekoetan Behobia-Donostia lasterketarekin bat egiten zuten egun bakarrekoak. Baina erabakia hankaz gora jarri diete aurten; izan ere, jardunaldietan parte hartu nahi zutela-eta jaso dituzten eskaintzak, aurten tokatzen ez bazen ere, hiru egunekoak antolatzera animatu ditu: «Dani Novas argazkilaria eta Iker Rodriguez DJa gerturatu zitzaizkigun tardeoa egiteko aukera eskainiz; Luis Mari Moreno Pirata gure bizilagunak, Rockalean taldearekin etorriko zela esan zigun… Azkenean, asteburua antolatu dugu».
Aita Mari erreskate ontzia, auzokoa
Esker on hitzak izan zituen Laguntasunakoak jarduerekin bat egingo duten guzti-guztientzat, baita auzotarrentzat ere, eta aipamen berezia egin zion udalari, «beragatik ez balitz, aurten ezinezkoa genuke hau guztia antolatzea. Esfortzu handia egin du». Sei urtean egindakoaren bilana hitz bakarrean laburbildu du: «Bikaina. Auzo guztiak hartzen du parte, baina jende asko dator auzo kanpotik ere, ikaragarria da». Gerturatzen denak izango du hori hala dela baieztatzerik, jende ugari gerturatzen delako Gabierrota auzoko gasolindegi zaharra zenaren bueltara Behobia-Donostia lasterketa bertatik jarraitzeko; elkartasunak gainezka egiten du bertan, eta giroa, berriz, paregabea izaten da azken korrikalaria pasatzen den arte. Jatekoak eta edatekoak izaten dira bertan jartzen duten txosnan.
Aita Mari erreskate ontzia auzokoa sentitzen dutela auzotarrek aitortu zuen Gomezek; Aita Mari, berriz, eskertuta keinu ikaragarria baita haientzat Gabierrotaren iniziatiba; hala aitortu zuen Ainhoa Muxika oreretarrak eta Aita Mariko kideak: «Urtero material mordoa saltzen dugu eta dirua jaso Laguntasunak antolatzen dituen jardueretatik. Elkarte gisa, ikaragarria da, misioak atera ahal izateko diru pila behar dugulako».
Jasotako dirutik harago, Aita Mari zein Gaza erdi-erdian jarriko dituztela hiru egun horietan nabarmendu zuen Carneirok: «Kontzientzia zabaldu eta auziak kalera aterako ditugu. Berebiziko garrantzia du horrek». Aurten ere ez du hutsik egingo Behobia-Donostia lasterketan Gabierrotako biribilgunean jartzen duten olan erraldoiak; Mediterraneo itsasoa irudikatu nahi dute, eta lasterketa entzutetsuan parte hartzen duten korrikalariei euro bateko ekarpena egiteko eskatzen diete.
Gabierrota, Behobia-Donostia lasterketaren erdia da, 11. kilometroa. «Mediterraneoa migranteen bidearen erdian da, baina aurrera segi behar dute. Berdin Palestinan; zer gertatuko da Gazan, eta bertako jende guztiarekin?», galdera airean. Bat egitera deitu zituzten herritarrak, auzora gerturatu ekarpena egitera, «hondar alea behar dugu, itsasoan pertsonak salbatzen jarraitzeko, familiek jateko beroa izan dezaten… Ba al da bizitzak salbatzea baino gauza handiagorik?».
