Hamar urte euskal literaturari ahotsa ematen
Pasaiako liburutegiek Euskarazko Irakurketa Kluba sortu zuten 2015ean, eta Xabier Etxaniz Rojo trintxerpetarra da saioen gidaria. Aurtengo ikasturteak bederatzi saio izango ditu.
Pasaiako Euskarazko Irakurketa Kluba Pasaiako liburutegiek 2015ean sortutako irakurketa taldea da. 2025-2026 ikasturtea martxan da jada, hilaren 13an hasi baitzen Antxoko liburutegian. Ikasturteko lehen saioan Adana Shibli idazlearen Detaile xume bat liburua irakurri eta komentatu zuten parte hartzaileek. Aurtengoa, gainera, ikasturte berezia izango da, klubak hamar urte bete baititu. Sorreratik Xabier Etxaniz Rojo trintxerpetarra da Pasaiako Irakurketa Klubaren arduraduna eta gidaria, eta taldearen bilakaera eta funtzionamendua azaldu ditu HITZA-n.
Irakurketa klubetan irakurzaletasuna duten pertsonak elkartzen dira, eta haien funtzionamendua oso sinplea da: aldez aurretik, liburu bat irakurri behar da, eta saioetan komentatu egiten da. Klub horiek euskal kulturan azken hogei urteetan sortutako «gauza garrantzitsuenetako» bat direla uste du Etxanizek. Mugimenduaren sorreran, talde asko sortu ziren Euskal Herriko herrietan, eta, egun, funtzionamenduan jarraitzen dute. Klub horiek arrakasta zutela ikusita, Pasaiako liburutegiek udalerrian saio horiek abiatzea erabaki zuten, eta Etxanizi eskaini zioten horiek kudeatzeko aukera. Trintxerpetarrak erronka onartu zuen, eta hamar urteren ondoren bertan jarraitzen du. Aitortu du saioek «asko aberasten eta betetzen» dutela, eta «oso pozik» dago, Pasaiako taldeak «oso ondo» funtzionatzen duelako. Pasaiakoaz gain, Euskal Herriko beste herri askotan ere irakurketa talde egonkor asko daude, eta horrek asebete egiten du trintxerpetarra: «Herri guztietan daude taldeak, eta horrek esan nahi du jende pila ari dela euskaraz irakurtzen hilabetero. Talde txikiak dira, baina denak elkartuko bagenitu, pertsona asko bilduko ginateke».
Pasaian hilabetean behin elkartzen dira irakurritako liburuak komunean jartzeko. Saio horiek astelehenetan izaten dira beti, 19:45ean eta lau barrutietan. Lantzen dituzten liburu guztiak euskaraz idatzitakoak dira, eta Etxanizek aukeratzen ditu. Zerrenda, baina, ez du ezerezetik sortzen, eta hainbat irizpide jarraitzen ditu, ikasturtea ahalik eta anitzena izateko: «Liburuak euskaraz idatzita egon arren, itzulpenak irakurri behar ditugu; idazle hasi berriei eta kontsagratuei ahotsa ematen diegu; emakume eta gizonen liburuak lantzen ditugu; eta nobelak eta ipuinak irakurtzen ditugu. Aurten ere poesia liburu bat sartu dut».
Ikasturte hasi berrian bederatzi liburu landuko dituzte. Lehena irakurri dute jada: Adana Shibliren Detaile xume bat. Hurrengo saioa azaroaren 10ean izango da, San Pedroko liburutegian, eta Miren Amuriza idazlearen Pleiba liburuaren inguruan arituko dira Irakurketa Klubeko kideak. Horrez gain, beste zazpi saiok osatuko dute aurtengo ikasturtea: abenduaren 12an Miren Agur Meaberen Amorante frantsesa, Donibaneko liburutegian; urtarrilaren 19an Unai Elorriagaren Francesco Pasqualen bosgarren arima, Trintxerpeko liburutegian; otsailaren 13an Beñat Sarasolaren Cocacola bat zurekin, San Pedron; martxoaren 9an Albert Camusen Arrotza, Trintxerpen; apirilaren 20an Joxean Agirreren Gizon barregarriak, San Pedron; maiatzaren 11n Uxue Alberdiren Hetero, Antxoko liburutegian; eta ekainaren 12an Asier Serranoren Euri gorriaren azpian, Trintxerpen.
Ohiko saioez gain, bizpahirutara idazleak edo editoreak gonbidatzen dituela adierazi du Etxanizek. Saio horiek ostiraletan antolatzen dituzte, eta, ondoren, afaltzera geratzen dira bildutako guztiak. Aurten, Miren Agur Meabe, Beñat Sarasola eta Asier Serrano izango dira Pasaian. Etxanizek jakinarazi du afari horiek literaturaz modu ludikoagoan hitz egiteko baliagarriak direla. Horrez gain, mota horretako saioak idazleentzat ere «oso garrantzitsuak» direla baietsi du trintxerpetarrak: «Idazleontzat oso garrantzitsua da jendearekin kontaktuan egotea. Guk etxean bakarrik idazten eta irakurtzen dugu, eta irakurleekin egotea oso aberasgarria da». Etxanizek, esaterako, saio bat du Barakaldon azaroaren 26an, eta bere liburu batez hitz egingo du han.
Taldearen funtzionamendua, ona
Pasaitarrek hamar urte daramatzate jada euskarazko liburuak irakurtzen eta euskal literaturari ahotsa ematen. Taldeak «oso ondo» funtzionatzen duela adierazi du Etxanizek. Saioak lau barrutietan antolatzen dira, eta parte hartzaileak barrutiz barruti mugitzen dira hilabeteroko hitzordua ez galtzeko. Saio horietan 15 pertsona elkartzen dira batez beste, eta Etxanizek nabarmendu du liburuak irakurtzeko eta bilkuretara joateko konpromisoa hartzen dutela.
Saioetarako gidoi bat prestatzen du Etxanizek, aldez aurretik irakurritako liburu horren inguruan aritzeko. Hilabeteroko hitzorduetan irakurritako liburuak komentatzen dituzte, eta parte hartzaile bakoitzak bere ikuspuntua partekatzen du. Liburu bat irakurtzen denean, irakurketa hori norberarentzat geratzen dela adierazi du Etxanizek, eta ez da konpartitzen. Irakurketa klubetan, baina, irakurritakoaren gaineko iritziak partekatzen dituzte, eta elkarbanatze horrek irakurketa «aberasten» duela ziur da Etxaniz: «Nik, agian, gauza batzuk irakurri edo ulertu ditut, eta beste pertsona batek beste zerbait uler dezake. Egoera berberaren aurrean hainbat ikuspuntu ikustea, ezagutzea eta entzutea oso aberasgarria da. Besteen iritziek eta irakurketek asko aberasten naute».
Pasaiako Irakurketa Kluba irekia dela gogorarazi du Etxanizek, edonor batu daitekeela taldera. Horren aurrean, taldeko gidariak baietsi du ez dela beharrezkoa literaturaren inguruko aurretiko ezagutzak izatea. Klubaren gaineko informazio osagarria lau barrutietako liburutegietan eskura daitekeela aurreratu du Etxanizek.
Pasaiako taldeak, gainera, berezitasun bat duela adierazi du: adin eta genero aldetik orekatuta baitago. Taldean 25 eta 30 urteren bueltako jendea dago, eta erretiratuak ere badaude. Horrez gain, genero aldetik ere parekatua dago, emakumeak eta gizonak baitaude. Beste herrietan, baina, egoera bestelakoa dela zehaztu du Etxanizek: «Beste klub askotan gehienak emakumeak dira, profil oso markatuarekin: jubilatua eta irakasle izandakoa. Guk, aldiz, denetarik dugu, eta harrigarria da hori, normalean ez baita hori gertatzen».
