Gaurko Gau Beltza girotu dute Lezon
Lezoko gazteenek gaurko Gau Beltza girotzeko sormen tailerra egin zuten atzo Gurutze Santuaren plazan.
Gaur da Gau Beltza. Urriaren 31 da, Domu Santu egunaren bezpera. Lezon Gau Beltzaren barruko ekitaldiak egingo dituzte ilunabarrean, eta horien prestaketa lanean izan ziren atzo arratsaldean gazteenak. Gau Beltza Taldeak eta Gaxuxa Emakume Elkarteak antolatutako eskulan tailerrera dozenaka haur joan ziren, arte pieza txikiak sortzera, gaur erabili eta herria girotzeko. Giro sortzaile ederra izan zen Gurutze Santuaren plazan.
Gaurko egitarauari dagokionez, honakoa da. Erne, Herio herrian agertzekoa da:
- 19:00. Goiko Plazatik hasiko da Gau Beltzeko kalejira, herritik zehar ibiliko da.
- Ondoren. Gurutze Santuaren plazan, Sutargi Abesbatzaren saioa, Murixka Dantza Taldearen emanaldia, eta beldurrak erretzeko sua piztuko da. Ondoren gaztaina erreak banatuko dira.
- 20:30ean eta 21:00etan. Atzekoaten, Orratx! Antzerki Taldearen saio bikoitza.
Bestalde, Gau Beltzaren gaia landu du Edurne Mitxeok azken urteetan. Horren gaineko liburua egiteaz gainera, Gau Beltzaren esanahiaren eta izaeraren inguruko saioak egin ditu azken bost urteetan ikastetxeetan eta hala eskatu dioten toki guztietan. “Haurrei heriotzari buruz hitz egin diet, hitz argi eta sinpleak erabiliz. Gaia ulertzen laguntzeko, eta noski, beldurrik gabe bizitzeko”, esan du Mitxeok. Ateak zabaldu dizkioten guztiei eskerrak eman dizkie, “heriotzari buruz hitz egitea, bizitzari buruz hitz egitea ere bada. Gau Beltzaren istorioaren bidez zalantzak argitu, egia esan, eta haurrei ziurtatu behar diegu bizitza amaitzen den arren, oraindik askoz gehiago dugula bizitzeko”.
Jarraian, Mitxeok egindako esker bideoa.
