Zubiak eraikiko ditu bosgarren Poesia Kaiak
Poesia Kaiaren 2025eko ekitaldiaren barruan bi emanaldi izango dira, azaroaren 6an eta 8an. Poeta hasiberriak eta eskarmentukoak izango dira herrian.
Salaberria, Makuso eta Saizar, gaurko agerraldian. Pandemia ondorengo berpizte kolektiboarekin batera sortu zen Poesia Kaia egitasmoa. Lezok olerkigintzarekin zubiak eraikitzeko bokazioa du kultur jarduerak. 2021eko lehenak mugarria ezarri zuen, eta aurtengo bosgarrenean mugarriek zubiei txanda emango diete. Belaunaldi arteko zubiei. Poeta gazte eta eskarmentudunen arteko zubibideei. Sortzaileen eta herritarren arteko zubiei. Gaur aurkeztu dute Poesia Kaiaren bosgarren ekitaldia.
Bi emanaldi izango dira aurtengoan. Lehenean, azaroaren 6koan, Kultura Aretoan Jokin Muñozek eta Maddi Muñozek solasaldi poetikoa egingo dute. Olerkigintza ardatz, eta esperientzia pertsonaletatik abiatuta, eurengan poesiak sortzen duenaz solastuko dira 19:00etatik aurrera. Hilaren 8koa izango da bigarren eta azken emanaldia, Gezala Auditoriumean (19:00). Poesia errezitaldi purua izango da Berta Peñaren, Rakel Pardoren, eta Sara Uribe-Etxeberriaren partaidetzarekin; poeta gazteak eta bide luzekoak aurrez aurre Gezalan. Horien saioa bukatzean Oiasso boskoteak Morzarten klarineterako K. 581 sinfonia interpretatuko du.
Gaurko aurkezpenean Ainhoa Salaberria Kultura teknikaria, Aitzol Saizar Kultura zinegotzia, eta Juan Ramon Makuso olerkari, sortzaile eta Balea Zuriko kidea izan dira. Zinegotziak izan du aurkezpenean lehen hitza hartzeko ardura. “Azkar esaten da. Baina jada bost urte poesiari agenda kulturalean tokia egiten diogula. Guretzat oso garrantzitsua da kultur eskaintza anitza antolatzea, eta horregatik harrotasunez aurkezten ari gara Poesia Kaiaren bosgarren ekitaldia”, esan du udal arduradunak. Olerkia hain ohikoa ez den” diziplina dela aitortuta, hari lekua ematea inportantea dela esan du Saizarrek, “herritarrentzat poesiara gerturatzeko espazioak sortzea da helburua. Horretarako antolakuntza talderen alana ezinbestekoa da”. Poesia gertutik eta profesionalki bizi dutenen bultzada eskertu du zinegotziak, haien laguntza izan baitute berriz ere Poesia Kaiak tokia eta mamia izan dezan Lezon.
Egitarauaren barruko zehaztapenak eman ditu Kultura teknikariak. Aipatu du bai azaroaren 6ko nahiz 8ko emanaldiak doan izango direla. 6koa, Mugako poetika izenburukoa, gogoeta saioa izango dela azaldu du. 8koan, berriz, hiru emakumek parte hartuko dutela azaldu du, eta balioa eman dio haien poesiaren ondoren izango den klarinete emankizunari.
Aktibismoa
Juan Ramon Makusok eskerrak eman dizkio udalari berriz ere Poesia Kaia herrian delako. Atzera jo du gaurkoa nondik datorren esateko. Erretiratu berri den Kultur teknikariari, Xanti Vali, aitortza egin dio hasteko eta behin Makusok, hura izan zelako poesia herrira ekartzearen ideologoa. “Beraz, Xantiri hemendik gure omenalditxoa. Orduko hartan hark eta udalak egin zuten erronka ez da erraza. Kultura mailako aktibismo ekintza izan zen. Hizkuntza arruntean aktibista hitzak duen esanahia beste bat dela badakit, baina hau hala dela uste dut, aktibismoa”. Gazteei beldurrik gabe eta konplexurik gabe aktibismo horren zati izan daitezela eskatu die, kultur ekitaldi handietatik at ere badelako kultura. Aktibistena. “Belaunaldien arteko zubi lana egingo dugu aurtengo Poesia Kaian”, zehaztu du Makusok.
Ekitaldietan izango diren sortzaileen artean, Berta Piñan eta Jokin Muñoz beteranoenak izango direla aipatu du. Asturiarra da Piñan, eta Makusok azaldu du asturiar hizkuntzaren mantentze eta zabaltzearen aldeko lanean dela, eta hura partaide izango den emanaldian (azaroaren 8koan), Xuan Bello poeta asturiarraren lan euskaratuak entzuteko aukera izanen dela; hil berri da Bello. Dena dela, pozez azaldu da gazteek era ekarpena egingo diotelako Poesia Kaiari. “Poza da gazteak nola datozen ikustea, atzetik bultzatzen”, adierazi du. Horren erakusle Sara Uribe-Etxeberria dela aipatu du, gazteen kezka sozial eta gogoetatik sortzen ditu poesiak.
Rakel Pardo baztandarraren bideari ere egin dio so Makusok. Gaztea hura ere. Psikologiaren mundutik datorren arren, aktibismo kulturalaren ereduetako bat harena izan daitekeela esan du. Elizondon taberna baten jabe baita, eta han, hainbat dira urtean zehar egiten diren kultur jarduerak. Bere poesiarekin bilaketara bultzatzen ditu entzule eta irakurleak. Barne bilaketa batera.
Jokin Muñoz ibilbide zabaleko olerkaria da. Hainbat sari ditu irabaziak, sona handikoak horiek. “Esango nuke Euskal herriko idazle handienetariko bat dela”, azaldu du Makusok. Nafarroan bizi den donostiarra euskara irakaslea da. 2007ko Antzararen bidea obrarekin egin zen era zabalean ezagun, horrekin hainbat sari irabazi zituelako. Hizkuntzen arteko zubi lanean dela egun azaldu du Makusok, gaztelaniaz aritzen delako gehienbat egun, euskara alboratu gabe. “Jokinek, Maddi Muñozekn batera, irakurketa dramatizatu bat eskainiko digu. Hitzaldi klasikotik ere badu. Hark esan zigun putzura botako zela Lezoko bere saioan. Poesiaren uretan lerratuko zela. Bere ikuskerari eta obsesioari erreparatuko dio. Bizitzan hunkitu duten poeten inguruan jardungo duela esan zigun”.
