'Pasaiako pertsona nagusien behar sozialen diagnostikoa'-ren emaitzak, jendaurrera
Pasaiako Udalak Bizipoz kooperatibarekin osatu duen diagnostikoaren emaitzak aurkeztuko ditu astelehenean (azaroaren 3an) Trintxerpeko Alkateordetzan, 18:00etan.
Astelehenean (azaroaren 3an) Pasaiako pertsona nagusien behar sozialen diagnostikoa-ren emaitzak aurkeztuko ditu Pasaiako Udalak Trintxerpeko Alkateordetzan, 18:00etan.
Azterketa hori Gizarte Ekintza sailak bultzatu du, Bizipoz kooperatibaren laguntza teknikoarekin, eta udalak adierazi du “urrats erabakigarria” dela “udalerri atsegin, inklusibo, eta irisgarriago baterantz aurrera egiteko duen konpromisoan”.
Diagnostikoak Pasaian bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen errealitatea, premiak eta interesak jasotzen dituela jakinarazi du udalak. Lan hori modu parte hartzailean osatu dute udalak eta Bizipozek, 85 pertsona eta toki erakunde baino gehiagoren laguntzarekin. Parte hartzaile horiek beren ikuspegia eman, eta erronkak eta hobekuntza proposamenak egin dituztela nabarmendu du udal erakundeak.
Prozesu osoan zehar talde fokalak eta topaketak egin dira Pasaiako lau barrutietan, eta bilerak ere egin dituzte udaleko talde tekniko eta politikoekin. Azterlanak 44 hobekuntza proposamen zehatz identifikatzeko aukera eman die sustatzaileei, zerbitzuak indartzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko.
Asteleheneko ekitaldian Teo Alberro Pasaiako alkatea, Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako zinegotzia eta Bizipozeko laguntza teknikoaz arduratzen diren ordezkariak izango dira.
Ekitaldi horretan udalak herritarrekin partekatu nahi ditu azterketaren emaitza nagusiak. Diagnostikoak etorkizuneko ekintzak eta planak gidatzeko oinarriak ezartzen dituela jakinarazi du udalak, pertsona nagusien bizi kalitatea, autonomia eta parte hartzea hobetzeko helburuarekin.
