Meipiko Babarrun Jana, hilaren 15ean
Bazkariko txartelak salgai daude jada 20 euroan, Pari Barri, Meipi, Juantxo eta Patxiku tabernetan. Aurten ere futbolin txapelketa jokatuko da, hilaren 14tik aurrera.
Meipiko Jai Batzordeak eta Xantixa elkarteak antolatuta, Meipiko Babarrun Jana egingo da hilaren 15ean (larunbatarekin) Donibaneko auzoan. Bazkariko txartelak salgai daude jada 20 euroan, Pari Barri, Meipi, Juantxo eta Patxiku tabernetan. Txarteleko euro bat bazkariaren egunean egingo den zozketarako izango da. Hori dela eta, antolatzaileek txartela eramatea derrigorrezkoa dela adierazi dute. Pescados Ferreres-ek dohaintzan emandako arraina zozkatuko da.
Horrez gain, iaz izan zuen arrakasta ikusita, Meipiko III. Futbolin Txapelketa jokatuko da. Egun handia larunbatekoa bada ere, futbolin txapelketako kanporaketa fasea ostiralean (hilaren 14an) jokatuko da, 19:00etatik aurrera. Izen emateak Meipi tabernan egin behar dira, eta bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu parte hartzeko. Izena emateko azken eguna hilaren 13a da. Kanporaketa fasea jokatu ondoren, azken faseko partidak larunbatean (hilaren 15ean) jokatuko dira.
Meipikoek futbolin txapelketarekin berotuko dituzte motorrak. Egun handirako, baina, egitarau zabala ondu dute sustatzaileek. 11:30ean haurrentzako jolasak antolatu dituzte. 14:00etan bazkari herrikoia egingo da. Bertaratzen direnek babarrunak sakramentuekin, postrea, kafea, ogia eta edariak dastatuko dituzte. Bazkalostean bingo solidarioa egingo da, eta irabaziak Asociación de afectados por deleción 1p36 elkartera bideratuko dituzte. 18:00etan futbolin txapelketako fase erabakigarria jokatuko da. Eguna bukatzeko, DJ Kabuxak Meipi girotuko du.
Meipiko Babarrun Jana 2025
Hilak 14, ostirala
- 19:00: Meipiko III. Futbolin Txapelketako kanporaketa fasea.
Hilak 15, larunbata
- 11:30: Haurrentzako jolasak.
- 14:00: Bazkari herrikoia. Ondoren, bingo solidarioa.
- 18:00: Futbolin txapelketako azken fasea. Ondoren, DJ Kabuxa.
