Olibet-Etxe Berrietarako proiektu integrala galdegin du PSE-EEk
Olibet- Etxe Berrietako aparkalekua auzoaren berrurbanizazioa aintzat hartu gabe esleitu izana salatu du PSE-EEk.
Isaac Palencia eta Iñaki Ruiz.Pse-ee Olibet- Etxe Berrietako aparkalekua auzoaren berrurbanizazioa aintzat hartu gabe esleitu izana salatu du PSE-EEk. Harago jo dute sozialistek, eta EH Bilduren gobernu taldeak auzoa bitan banatzeko proiektuari muzin egin, eta PSE-EEk Askatasunaren Martirien hiribidean trafikoaren norabide aldaketa eta zati bat oinezkoentzat egiteko ondutako proposamen alternatiboa ere aintzat hartu ez izana egotzi dio koalizio subiranistari.
Proiektuaren finantziazio osoa Madrilgo Gobernutik heldu dela esan du bestalde alderdi horrek, 1.000.000 euro, eta udalak ez duela “bitarteko propiorik” bideratu lanetara. alderdi sozialistak duela hamar hilabete aurkeztu zuela eremurako proposamena azaldu du Isaac Palencia sozialisten bozeramaileak, “denbora horretan ez dugu erantzunik jaso, kontratazio mahaian aurkitu dugu proiektua, bere horretan, berrurbanizaziorik gabe, elkarrizketarik gabe, eta herritarren parte hartzearekiko errespeturik gabe”.
Agintaldiz agintaldi bete gabeko konpromisoa dela proiektua ere esan du Palenciak, “Mendoza alkate zela 200 aparkaleku plaza agindu zituzten 2015ean, Lekuona eraiki zutenean ezabatu zituzten 28 aparkaleku plazen ordez, bete gabe jarraitzen du oraindik”.
Egungo proposamenak, 60 plaza aurreikusten dituela salatu dute sozialistek, “eta gainera, egiteko, zazpi plaza kenduko dituzte, hortaz, 25 plaza berri baino ez dira sortuko, azkenean”. Kopuru hori ez dela nahikoa Olibet-Etxe Berriak auzoak dituen beharrei erantzuteko gaineratu dute.
