Talde sozialistak eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari emandako 40.000 euroko diru laguntzagatik.
Lezoko PSE-EEk ohar bidez azaldu du garraio jasangarria bultzatzeko konpromiso irmoa berresten duela, eta herriko bidegorriak “indartzeko” eta “hobetzeko” apustua egiten duela “ibilgailu pribatuaren erabileraren aurrean alternatiba seguru eta eraginkor gisa”.
Ildo horretatik, talde sozialistak eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari emandako 40.000 euroko diru laguntzagatik, modu horretan “Lezoko bidegorrien udal sarearen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetuko” baitute. Atzo onartu zuen Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurraldeko Antolaketako Departamenduak diru kopuru hori ematea. Ildo beretik, PSE-EEk azaldu du Azahara Dominguezek zuzentzen duen Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamenduak Pasaialdeko hiri espazioak eta ekipamendu degradatuak birgaitzeko eta berreskuratzeko egiten dituen egitasmoen barruan dagoela laguntza hori. Ildo horretatik, Lezoko PSE-EErentzat inbertsio hori aurreko legegintzaldiak onartutako Lezoko Mugikortasun Iraunkorreko Planean ezarritako helburuak betetzeko “beste urrats bat” da.
Laguntza hori Lezo-Donibane bidegorriaren azken zatiaren finantziazioarekin osatzen dela jakinarazi dute sozialistek. 1,95 milioi euroko aurrekontua izan zuten obra horiek, eta Aldundiko Iraunkortasun Sailak finantzatu zituen. PSE-EErentzat, gainera, lan horiek “funtsezkoak” izan dira udalerriko eta eskualdeko bizikleta azpiegitura “lotzeko eta modernizatzeko”.
Joxean Sánchez bozeramaile sozialistaren ustez, laguntza honek “udal titulartasuneko bidegorria egokitzen laguntzen du, erabiltzaile guztientzako gune segurua izan dadin eta bizikleta garraiobide iraunkor eta osasungarri gisa erabil dadin”.
Udal Talde Sozialistak uste du laguntza hau ematea “albiste bikaina” dela Lezorentzat eta positiboki baloratzen du erakundeen arteko lankidetza mota hau, uste baitu “administrazioen arteko elkarlana herritarrentzat hobekuntza zuzen eta ukigarrietan nola gauzatzen den erakusten” duela.