Azoka berezia egingo dute baserritarrek larunbatean
Ohiko orduan zabalduko dute azoka, 09:00etan eta hortik aurrera hainbat ekintza egingo dituzte, 13:00ak arte. Helburua, lehen sektorean ari diren baserritarrak eta nekazari ustiategiak ezagutzera ematea du azoka bereziak.
Baserritar Azokak jardunaldi berezia egingo du larunbatean udalak eta Behemendi Landa Garapeneko elkarteak antolatuta. Ohiko orduan zabalduko dute azoka, 09:00etan eta hortik aurrera hainbat ekintza egingo dituzte, 13:00ak arte. Helburua, lehen sektorean ari diren baserritarrak eta nekazari ustiategiak ezagutzera ematea du azoka bereziak, egiten duten lana aitortuta. Nabarmen jarri dute antolatzaileek lehen sektorean ari diren horiek direla ingurua eta paisaia amnetntzen laguntzen dutenak, baita merkatua eta gertuko saltokiak kalitatezko elikagaiez hornitzen dituztenak.
Goizean zehar bertako produktuen azoka izango da. Larremotx baserriko ardi gazta ekologikoa, Larreaundi baserriko barazkiak, Arraztalo elkarteko barazki ekologikoak, Lurraren Orena ustiategiko barazki ekologikoak, Arretxegar ustiategiko barazkiak, eta Gomutxa Lapurdiko ekoizlearen gaztainarekin egindako produktuak.
Azoka aldamenean kalabaza eta gaztaina osagai dituzten bonboiak egiten ikasteko tailerra egingo dute. Ohi bezala, gainera, produktu dastaketarako postua ere izango da.
