Bueltan da Antxoko Gabonetako Krosa
Hiru urteko hutsunearen ondoren, abenduaren 19an jokatuko da proba herrikoiaren XII. ekitaldia, 20:30ean. Izen emateak irekita daude jada.
Hiru urteko hutsunearen ondoren, bueltan da Antxoko Gabonetako Krosa. Antxotarrak Lasterkari Taldeak antolatuta, proba herrikoiaren XII. ekitaldia izango da. Lasterketa abenduaren 19an izango da, 20:30ean, eta 5,8 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek. Barrutian zehar lau bira eman beharko dituzte lasterkariek: lehena 0,4 kilometrokoa izango da, eta beste hiruak, berriz, 1,8 kilometrokoak. Ibilbidea erraza eta laua dela adierazi dute antolatzaileek, “edonork erraz egiteko modukoa”.
Antxotarrak Lasterkari Taldearentzat “garrantzitsua” da Gabonetako Krosa. Lasterkarien mesederako jarduera izateaz gain, “sekulako” giroa aurreikusi dute antolatzaileek, Eguberrien atarian kirolaz gozatzeko eta korrikalariak animatzeko aukera bikaina baita haien ustez. “Antxo girotzeko eta barrutiari gure ekarpena egiteko modua da krosa”, esan dute sustatzaileek.
Izen emateak zabalik daude jada Kirolprobak plataforman, 12 euroan. Antxotarrak-eko kideek aurreratu dute lasterkariak “ziztu bizian” ari direla izena ematen. Hortaz, parte hartzeko interesa duten horiei, ahalik eta azkarren egiteko aholkua eman die antolakuntza taldeak. Antxoko probak 250 lasterkariko kupoa du guztira.
Izena eman dutenen artean, antxotar eta pasaitar asko daudela jakinarazi dute antolatzaileek. Horietatik asko, gainera, emakumeak dira. Eskualdeko eta inguruko jende askok ere izena eman duela zehaztu dute sustatzaileek.
Sariei dagokienez, zortzi banatuko dituzte: lehen hiru emakumeei, lehen hiru gizonei, lehen emakume pasaitarrari eta lehen gizon pasaitarrari. Sari banaketa proba bukatu ondoren egingo da, 21:30ak aldera, Gure Zumardian, irteeraren eta helmugaren eremuan.
Horrez gain, korrikalari guztiek jakiak eta edariak izango dituzte eskuragarri proba bukatzean. Kontsigna eta masaje zerbitzuak ere egongo direla aurreratu dute antolatzaileek.
Azkenik, Antxotarrak Lasterkari Taldeak eskerrak eman dizkie krosaren babesle diren erakunde eta tokiko komertzio guztiei. “Haiek gabe ez litzateke posible izango berriz ere krosa berreskuratzea”, esan dute. Antolatzaileek aurrerago emango dute laguntzaile eta kolaboratzaile guztien zerrenda.
