Indarkeria matxisten memoria historikoa osatzen jarraitzen du herriak
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira egitarau zabala antolatu dute hilaren 18tik, abenduaren 5era. Mari Zozaia pasealekua inauguratuko dute Altzate auzo berrian.
Mari Zozaia pasealekua izango denean aurkeztu zuten programazioa. Errenteriako indarkeria matxisten memoria historikoa osatzen dinamika jarri dute martxan Errenteriako Udalak Berdintasun kontseiluarekin batera, bigarren urtez jarraian. Atzo aurkeztu zuten Altzate auzoko zubi berrian ondu duten egitaraua Aizpea Otaegi alkateak, Itsaso Cruz Berdintasun zinegotziak eta Berdintasun Kontseiluko hainbat ordezkarik. Aurten, sorginak jarri dituzte erdi-erdian eta haien memoriaren inguruan egitaratu dute egitaraua ikuspuntu feministatik.
Programazioa antolatu bai, baina kale izendegira ere eramango dute memoria hori. Izan ere, datozen egunetan, Mari Zozaia pasealekua inauguratuko dute Altzate auzo berrian. Mari Zozaia Errenterian bizi zen, eta 1609an Zugarramurdiko sumarioaren testuinguruan auzipetu, galdekatu, torturatu eta kondenatu zuten. Sorgin ehiza XV. eta XVIII. mendeen artean gertatu zen fenomeno historikoa izan zela gogora ekarri zuen Otaegik, “horren azterbide feminista lagungarri zaigu emakumeak sorginekin parekatzen dituen iruditeria eta diskurtsoa deseraikitzeko”.
III Berdintasunerako 2023-2031 planean, datozen urteetarako emakumeen eta gizonen berdintasunerako arloko politika publikoak garatzeko esparru estrategikoak ezarri zirela azaldu zuen alkateak, eta hainbat ildo zehaztu zituztela: “Indarkeria matxistarik gabeko udalerria lortzea da horietako bat. Helburu hori lortzeko udalerriko emakumeen kontrako indarkeriaren memoria historikoa biltzea izan zen zehaztutako ibilbideetako bat”.
Aurtengo programazioa, bide horretatik joango dela, eta memoria horiek berreskuratzeko ariketa berria izango dela gaineratu zuen Otaegik.
Programazioaren berri eman zuen, ondoren, Cruzek. Hilaren 18tik abenduaren 5era izango da eta zinemarekin hasiko dute, Ozzinemarekin elkarlanean antolatutako A Witch Story dokumentalaren emanaldiarekin. Yolanda Pividalek 2022an zuzendutako dokumentalak Erdi aroko Europan sorginkeriaz akusatutako emakume baten bizitza aztertzen du. Salemeko sorgin famatuetatik hasi eta Ameriketako Estatu Batuetan emakumeen kontra gaur egun erabiltzen diren indarkerietaraino mintzo da dokumental hori, 19:00etan izango da emanaldia, Niessen zinemetan eta sarrerak eskura daude Lekuona Fabrikan edo online.
Mahai inguruak hartuko du lekukoa. Sorgin ehiza ikuspegi feminista batetik lelopean ariko dira Arantxa Iraola Alkorta kazetariak dinamizatutako mahaian Amaia Nausia Pimoulier eta Leire San Martin Marcos historialariak. Euskaraz izango da eta aldibereko itzulpen izango da. Hilaren 20an izango da, 18:00etan, Emakumeen Etxean.
Hilaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, mugimendu feministaren deialdiarekin bat egingo duela udalak azaldu zuen Cruzek. Clara Rangeletik abiatuta manifestazioa egingo du egun horretan, 19:00etan: “Herritar guztiak deitu nahi ditugu parte hartzera”.
Antzerkiak ere iznago du tartea programazioaren barruan, eta hala, Virginia Imazek antzeztutako Akelarre taularatuko dute hilaren 28an Niessen Kulturgunean, 19:00etan. Umore eta samurtasun klabean, begi txarra, deabruarekiko tratua, sorginkeriak, sorgin ehiza eta beste landuko ditu ikuskizunean. Proposamena ludikoa da, desberdintasuna eta indarkeria hartzen ditu erreferentziatzat eta, Oihulari Klownen sorkuntza guztietan bezala genero ikuspegitik egiten du. Sarrerak eskura daude Lekuona Fabrikan edo online.
Abenduan, berriz bi hitzordu. Abenduaren 4an, lehena, 18:00etan Emakumeen Etxean Indarkeria matxistarik gabeko espazio publikoa Errenterian diagnostikoa aurkeztuko dute. “Diagnostikoak etorkizunean udalerrian egingo diren esku hartzeen abiapuntua izan nahi du”, azaldu zuen Cruzek.
Programazioa Mari Zozaia Pasealekuaren inaugurazioarekin bukatuko dute. Abenduaren 5ean izango da hori, Altzate inguruan, 18:00etan, Emakumeen etxeko emakume talde batek antolatuta. Eguraldi txarra egingo balu, abenduaren 12ra atzeratuko dute inaugurazioa.
