Asteartean aurkeztuko du Lezoko Udalak Klima eta Energia Trantsizioaren Ekintza Plana
2040ra arteko epealdirako neurriak daude jasota planean. Herritarrei batzarrera agertzeko eskatu diete, ekarpenak egiteko aukera izango dutelako.
Klima eta Energia Trantsizioaren Aldeko Ekintza Plana egin du Lezoko Udalak. Horretan klima aldaketaren ondorioak arintzeko udalerrian egin beharreko moldaketak eta hobekuntzak jasota daude, 2040ra arteko epealdiarekin. Egindakoaren berri lezoarrei eman nahi die udalak: hilaren 11rako, 18:00etan eta udaletxeko pleno aretoan aurkeztuko die udal erakundeak plana herritarrei. Haien ekarpenak jaso nahi ditu, ekintza plan hori diseinatzeko oinarri izan zen diagnostikoaren osatze prozesuan egin bezala.
Planak helburu zehatzak ditu. Horrela zerrendatu ditu, laburrean, udalak:
- Herrian kokatutako sektoreek (udala barne) emititutako berotegi efektuko gasen isurpenak nabarmenki murriztea.
- Udal jardueran eta Lezon kokatutako gainerako sektoreetan (etxebizitzak, zerbitzuak, industria, lehen sektorea, eta abar) energia aurreztea, energiaren erabilera eraginkorra izatea eta behar den energiaren zatirik handiena 0 Kilometro filosofiarekin bat datorren jatorri berriztagarrikoa izatea.
- Lezon klima aldaketari lotutako inpaktuek eragin ditzaketen kalteak aurreikustea, prebentzio neurri eraginkorrak finkatzea eta klima aldaketara egokitzeko neurriek herritarren osasunean eta natur ondarean eragin positiboak ekartzea.
- Lezoar guztiak klima aldaketa eta energia trantsizioan ahalduntzea eta eragile ezberdinen arteko elkarlanerako sareak osatzea, klima aldaketa guztion erronka delako.
Plana ibilbide luzeko ikuspegiarekin landutakoa dela azaldu du udalak. Indarrean izango den epealdia 2040ra artekoa bada ere, 2050erako tartean begirako ekintzak ere aurreikusi dira bertan. Iaz hasi zuen plana egiteko prozesua udalak, eta astearteko bilkura irekian egindakoaren berri emango du.
