Espainiako Gobernuak 63 milioiko inbertsioa iragarri du porturako
Portuaren eskuduntzaren eztabaida bor-bor denean iritsi da Espainiako Gobernuaren erabakia. Sarrerako kanala handitzea, helburu nagusia.
Badiaren ikuspegi zabala. Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkor Ministerioak iragarri du Pasaiako Portuko azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko 63,3 milioi euroko inbertsioa egingo duela 2029ra arte. Madrildik azaldu dutenez, diru zati horren kopururik altuena azpiegiturak hobetzeko izango da, tartean delarik bokalearen edo portura sartzeko zonaldearen handitzea ontzi handiagoen sartu-irtenak errazteko Gaur iragarri du inbertsioa Oscar Puente Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarri ministroak; Bilboko porturako 274 milioi bideratuko dituztela azaldu du Puentek. Espainiako Estatuko beste hainbat portutako lanak ere finantzatuko dituela esan du Puentek.
Madrildik iritsi den iragarpena Pasaiako Portuaren gaineko eztabaida betean iritsi da. Izan ere, bai Eusko Jaurlaritzako zein Gipuzkoako Foru Aldundiko EAJko kargudunek azaldu dute portuak Espainiako Estatuaren interes orokorreko izateari utzi behar diola, Jaurlaritzak hartu beharko lukeela azpiegituraren kudeaketa alegia. Bi erakunde horietako PSE-EEko kideek, ordea, irmo defendatu dute portuak Espainiaren ardurapeko izaten jarraitu behar duela.
Puentek azaldutakoaren arabera, 2029ra arte luzatuko liratekeen inbertsio horien zatirik handiena azpiegiturak hobetzeko litzateke, 44,4 milioi orotara. Iraunkortasunari lotutako obrak egiteko zatia 6,7 milioikoa litzateke, eta segurtasunaren arloari 5,4ko partida emango liokete. Porturako sarbideak hobetzeko 3.9 milioiko zatia prestatu du Espainiako Gobernuak, eta “portua-hiria” izena duen atalerako 2,3 milioi aurreikusi dituzte.
