73 milioi euro proiektu estrategikoak garatzeko
Aurtengoa baino 7, 4 puntu handiagoa, lau erronka handiri erantzun asmoz ondu dutela proposamena azaldu du Aizpea Otaegi alkateak.
Otaegi, Gartzia eta del Amo gaurko aurkezpenean. 73 milioi euro. Hori da gobernu taldeak 2026rako proposatu duen aurrekontua. Aurtengoa baino 7, 4 puntu handiagoa, lau erronka handiri erantzun asmoz ondu dutela proposamena azaldu du Aizpea Otaegi alkateak. Harekin batera, Eneko del Amo Ogasun zinegotzia eta Maite Gartzia alkateordea. Aurrekontua “anbiziotsua” eta aldi berean “arduratsua” dela adierazi du udal agintariak, “eta agintaldi planaren proiektu estrategikoak bizkortzeko eta herritar guztien bizi kalitatea hobetzeko diseinatua dago”.
Lau erronka nagusi zehaztu ditu alkateak: Hiri berroneratzeko proiektuak areagotzea, gizarte babesa indartzea, trantsizio ekologikoan sakontzea eta kultura gizarte kohesioaren eta garapen ekonomikoaren eragile gisa sustatzen jarraitzea.
Lehen erronkaren barruan kokatu du Pontika-Luis Mariano_Igantzi ardatza. Aurki hasiko da udala bertan igogailua eraikitzeko lanekin, eta 570.000 euro gehiago bideratu ditu horretara. Zaku berean, Galtzaraborda planari jarraipena ematea, inbertsioetan 1,2 milioi euro gehituta, ” 700.000 haur eskolako obrak egitera bideratuko dute; lizitazio fasena da jada. Gainontzeko 500.000 euroak Parke kaleko berrurbanizatze lanak eta irisgarritasuna hobetzeko baliatuko dira”. Azken horrekin lotuta, auzotar eta eragileekin batera prozesu parte hartzailea egin nahi du udalak, Urdaburu parkearen eraberritzea kolektiboki diseinatzeko, eta horretarako diru zati bat ere jaso du aurrekontu proposamenean. Hiri kalitatea hobetzen jarraitzeko, Iztieta-Ondartxoko hiltegiko lanei jarraipena ematea proposatu du udalak. Bukatzeko, Olibet auzoan ludoteka eta familia gunea zerbitzu berria sortzea aurreikusi dute, eta 500.000 euro bideratu ditu horretara. Espazio hori, Oarsoaldea Garapen Agentziaren eraikineko beharko solairuan, KZGunea zenean onduko dute.
Gizarte babesa indartzeko erronkari lotuta aurten baino %25,24 handiagoa izango da aurrekontua arlo horretan. Batez ere, etxez etxeko zerbitzua indartzeko eta zaintza lanak duintzeko apustuagatik egin dutela igoera hori adierazi du Otaegik, azpikontratatutako langileen eta udal langileen baldintza ekonomikoak parekatzeko. Bestalde, Fini Rubio eraikinaren priiektua idatziko da, eta horretarako 120.000 euroko aurrekontua jaso du aurrekontuak. Etxebizitza eskuratzeko neurriak indartzeari begira ere 200.000 euro baino gehiago bideratuko ditu udalak proposamenaren arabera, hainbat ekintzetan eta herrirtarrei arreta eta aholkularitza emateko bulego berri bat sortuta.
Hirugarren erronka, trantsizio ekologikoa. Hor barruan, hondakinen kudeaketa hobetzen jarraitu nahi du udalak, eta horretara 6 milioi euro bideratzea proposatu du. Energia berriztagarrien arloan, berriz, udal ekipamenduetako teilatuetan plaka fotovoltaikoak instalatzea bultzatzen jarraituko du, 440.000 euroko diru zatia proposatuta. Berdegune berriak sortu, Barandiaran parkea kasu (1.700.000 euro); mugikortasun iraunkorra sustatu (1.109.000 euro); edota Askatasunaren Martirien kaleko aparkalekua eraikitzeko (500.000 euro) diru zatiak aurreikusi ditu aurrekontu proposamenean.
Kultura da laugarren erronka handia, datorren urteari begira %11,64 handitu da bideratutako diru zatia, eta besteak beste, Altzaten ahotsaren eta musikaren etxea eraikitzeko lanak hasteko (2.000.000 euro) edota euskara sustatzeko diru zatiari egindako %22ko igoera aipatu ditu Otaegik.
Goranzko joerari eutsi
Datorren urteari begira gobernu taldeak egin duen aurrekontu proposamenak, azken urteetako goranzko joerari eusten diola gaineratu du udal agintariak. 2023tik aurrekontua ia 10 milioi euro igo dela jarri du nabarmen, “azken hiru ekitaldietan %15,6ko igoera metatua izan du”. Udalaren aurrekontua “sendoa” eta gastu ahalmena handiagoaren atzean Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren aurreikusitako igoerak (%10,25), proiektu eta inbertsioei lotutako kanpo finantzaketak, eta zerga eta prezio publikoen bilketaren bilakaera positiboa jarri ditu Otaegik.
Gaur aurkeztutako aurrekontu proposamena oposizioaren eskutan dagoela jakinarazi du bestalde, “haien ekarpenak jasotzeko epea zabaldu du gobernu taldeak, eta horiek entzun eta akordioetara heltzeko borondatea du”. Izan ere, sinistuta dago Otaegi aipatutako erronka handi horiei guztiei erantzuteko beharra, herritar eta eragile gehienen artean “partekatua” dela.
