Igandeko Behobia-Donostian izango zara. Nola biziko duzu?
Igandeko Behobia-Donostiaren protagonista nagusiak kirolariak dira. Haiei ahotsa eman die HITZAk, eta seiren testigantzak jaso ditu
Igandeko Behobia-Donostiaren protagonista nagusiak kirolariak dira. Haiei ahotsa eman die HITZAk, eta seiren testigantzak jaso ditu. Batzuk lehenengoz egingo dute lasterketa; beste batzuk badute eskarmentua. Jarraian, Oarsoaldeko lau herrietako nahiz Irun eta Hondarribiko sei korrikalariren iritziak.
Aiala Orbegozo Portu
HONDARRIBIA
«Lasterketa ahizparekin egingo dut, eta helmugara biok elkarrekin eskutik helduta iristea espero dut»
Kasualitatez, azken bi urteetan Behobia-Donostia lasterketa ikustera eta animatzera joan naiz, eta pentsatu nuen ea hurrengo urtean [aurten] gai izango nintzatekeen ni ere hor egoteko. Ez nuen uste dortsala lortuko nuenik, baina ahizpak lortu zidan, eta animatu egin naiz. Lehen ere egiten nuen korrika, baina azken bi edota hiru urteetan hasi naiz astean bizpahiru aldiz joaten; egun batean tirada luzea eta bestean serieak egiten nituen. Lehen nahiko modu desordenatuan egiten nuen.
Momentuz ondo sentitzen naiz; egia da apur bat urduri nagoela, baina orokorrean ondo. Gogotsu nago. Prest ikusten naiz; uste dut prest egoteko entrenatu dudala. Badakit jende asko egongo dela animatzen, ezagunak ere bai, hortaz, gogotsu nago.
Lasterketa ahizparekin egingo dut, eta helmugara biok elkarrekin eskutik helduta iristea espero dut. Pozik, disfrutatu izanaren sentsazioarekin amaitzea espero dut.
Aitor Martin Garcia
ERRENTERIA-ORERETA
«Jarritako helburua ez dut zorroztasunez bete behar. Nire helburu nagusia lasterketaz disfrutatzea da»
Duela urtebete hasi nintzen korri egiten, eta 15 kilometroko lasterketa bat egin nuen. Oraindik ez nintzen gai ikusten Behobia-Donostia bezalako lasterketa bat egiteko, baina urtebeteren ondoren, hobeto prestatuta eta gogotsu nago.
Behobia-Donostia etxeko lasterketa da. Oreretatik, gure herritik pasatzen da, eta uste dut lasterketa polita dela. Animazio asko dago eta jendez beteta daude errepideak. Baina batez ere berezia da etxetik pasatzen delako.
Gogotsu eta ilusioz nago, baita urduritasun puntu batekin ere, igandea noiz iristeko zain.
01.35eko denbora egin nahiko nuke, baina helburu hori ez dut zorroztasunez bete behar. Ez dut burua asmo horretan finko izan nahi, nire helburu nagusia lasterketaz disfrutatzea baita.
Ilusioarekin gurutzatuko dut helmuga, ikusteko jarritako helburua bete dudan ala ez. Poztasuna ere izango dut, erronka bat bete dudanaren sentsazioa izango baitut.
Iraia Irurtia Egues
PASAIA
«Egia esan oso sentsazio onak ditut lasterketari begira. Gogotsu nago, baina urduritasuna ere badut»
Azken urteetan ikusle bezala joan naiz Behobia-Donostia lasterketa ikustera, eta egia esan, inbidia apur bat pasa dut kasu horietan. Beti pentsatzen nuen ‘tira, hurrengo urtean aterako naiz’.
Aurten, alabaina, urtean zehar beste lasterketa batzuetara animatu naizenez, Behobia-Donostia lasterketa egitera ere animatu naiz.
Hilabete batzuk daramazkit lagun batekin Behobia prestatzen. Poliki-poliki kilometroak gehitzen joan gara entrenamendu horietan, eta nire kabuz ere korri egitera atera naiz zenbaitetan.
Egia esan oso sentsazio onak ditut lasterketari begira. Gogotsu nago, baina urduritasun puntu bat ere badut. Disfrutatzera aterako naiz, eta ez diot nire buruari marka edota helbururik jarri. Horrelakorik pentsatu gabe egingo dut.
Helmugara iristeko unea momentu hunkigarria izango dela imajinatzen dut. Nire lagunarekin egingo dut lasterketa. Beraz, meta gurutzatzearen une hori pozik eta irribarretsu irudikatzen dut.
Maddi Egiguren Aizpiolea
HENDAIA-IRUN
«Iaztik nire amets eta erronketako bat izan da hogei kilometroko lasterketa egitea»
Aurten egingo dut lehenengoz Behobia-Donostia lasterketa. Txikia nintzenean ez nuen amets gisa ikusten lasterketa hori egitea, baina lehengo urtean lasterketa ikustera joan eta gogoa eta motibazioa sentitu nituen noizbait lasterketa egiteko. Hala ere, ez nuen pentsatzen horren azkar izango zenik.
Azken astea izanik urduritasuna nabaritzen hasten da, baina zortea daukat, Txingudiko Elkarte Feministak emakumeen ahalduntze proiektu bat abiatu zuelako Irunen, eta helburua zen hainbat emakume prestatzea lasterketa hori egiteko. Hortaz, esan behar dut ez dudala lasterketa bakarrik egingo, talde guztiarekin baizik, eta horrek ere motibazioa areagotzen du. Kanpoan ikasten ari naiz eta ez dut aukera askorik izan eurekin entrenatzeko; beraz, nire kabuz joan naiz korrika egitera.
Uste dut helmuga gurutzatzean malkoren bat edo beste eroriko dela. Iaztik nire amets eta erronketako bat izan da hogei kilometroko lasterketa egitea.
Oier Garmendia Perez
OIARTZUN
«Behobia probatzera animatu, baina ahaztu gabe urtean zehar hainbat lasterketa herrikoi daudela»
Aurtengoa nire bederatzigarrena izango da. Nahiko inpresio onekin noa, Budapesteko maratoia egin berri dut eta Donostiakoa ere egitekotan nago, ongi entrenatuta. Lasterketa nire erritmoan egingo dut, baina Landarbaso Traileko taldekidekin batera joango naiz hara.
Niretzat Behobia gorriz markatutako eguna da egutegian, bai niretzat eta baita familiarentzat ere. Beti ateratzen baita familiako norbait korrika: osaba, lehengusuak… Lasterketako momentu bereziena familiakoen paretik pasatzerakoan eta agurtzerakoan izaten da. Lasterketa ondoren babarrun jatea egiten dugu senide guztiek.
Publikoak asko laguntzen du eta bide bazterretan ia lasterketa guztian lagunak, senideak edo ezezagunak ikusteak egiten du berezi Behobia. Inoiz probatu ez duenari behin probatzera animatuko nuke, baina ahaztu gabe urtean zehar beste hainbat lasterketa herrikoi antolatzen direla eta haietan ere parte hartzera animatzen dut jendea.
Adur Karrera Arozena
LEZO
«Gaztetxoagoa nintzenean kirola egiteko aitzakia bat zen Behobia, baina orain ja erritual bihurtu da»
Nire lehenengo Behobia 2006koa izan zen, eta ordutik ez dut hutsik egin. Azken hilabete eta erdian oso ongi entrenatu dut, eta inpresio onekin noa, oso gogotsu nago iganderako. Duela hiru urte nire markarik onena egin nuen. (1.26), eta uste dut aurten hori hobetzeko aukerak izango ditudala. Urtero bezala, lagunekin joango naiz hara, baina gero lasterketa bakarrik egingo dut.
Behobia jada ohitura bilakatu da niretzat. Gaztetxoagoa nintzenean kirola egiteko aitzakia bat zen Behobia, baina orain erritual bihurtu da. Eta Behobiako planik politena Behobia bera bukatzen denean hasten da. Lagunekin zerbait hartu, bazkaldu… Hori da politena.
Oso toki gutxitan sortzen da giro hori, eta horren parte izatea polita da. Sekula probatu ez dutenak behin egitera animatuko nituzke. Gaur egun asko hitz egiten da osasun mentalaz, eta kirolak horretan duen onura ikusita, aitzakia bat izan daiteke kirola egiten hasi eta norberaren ongizate maila igotzeko.
