Oarsoaldeko eta Bidasoko 1.319 partaide
Behobiako irteeran izango diren 28.000 pasatxo kirolarietatik %4,71 Oarsoaldekoak eta Irun nahiz Hondarribikoak izango dira.
Etziko 60. Behobia-Donostiarako izena emana duten 27.981 korrikalarien artetik 1.319 Oarsoaldeko lau herrietakoak nahiz Hondarribikoak eta Irungoak dira. Partaide guztien artetik, beraz, %4,71 dira bertako korrikalariak. Datu horiek Fortuna Kirol Elkarteak asteartean eman zituen, probaren xehetasunak azaltzeko agerraldian. 153 roller edo patinatzailek parte hartuko dute orotara lehian, baita desgaitasunak dituzten 65 kirolarik ere (laguntzaileak izango dituzte); azken bi modalitate horien parte hartzaileen jatorriari buruzko xehetasunik ez dute eman antolatzaileek. Beraz, denen artean, 28.213 lagunek dute izena emana sei hamarkada beteko dituen Behobian.
Herrikako azterketa eginez gero, udalerri bakoitzaren populuaren araberako partaide kopuruak ditu Behobiak. Hala, Oarsoaldeko eta Irungo nahiz Hondarribiko korrikalariei dagokienez, igandean euren etxe ondoko Behobiako irteera lerroan 501 irundar dira egotekoak, eta zerrenda horretan bigarren errenteriarrak dira 341 ordezkarirekin. 178 hondarribiarrek dute izena emanda, Pasaiaren izenean 139 aterako dira, 102 oiartzuarrek dute dortsala, eta Lezoko kideak 58 dira orotara. Iazko ekitaldian helmugara iritsi zirenen artetik 425 irundarrak izan ziren, 264 oreretarrak, 123 hondarribiarrak, 107 pasaitarrak, 80 oiatzuarrak eta 43 lezoarrak.
Korrikalarien datu gehiago eman ditu Fortunak. Ia 28.000 lasterkari horietatik %25,2 (7.052) gipuzkoarrak dira, eta Hego Euskal Herrikoak %37,89; Ipar Euskal Herrikoen datu zehatzik ez da. Kataluniatik 5.984 lasterkari etorriko dira egunotan gurera Behobiaren aitzakiarekin, eta madrildarrak 3.628 izango dira. Adin tarteari erreparatuta, 26-30 urteen artean direnak dira gehiengo, adin zati horretako 5.850 kidek dute izena emana.
