"Prestaketa egoki bat egitea garrantzitsua da"
Mikel Astarloza Txirrindor-eko prestakuntza fisikoaren arduraduna da, eta gakoak eta gomendioak eman ditu Behobia-Donostia bezalako lasterketa bat ondo prestatzeko.
Behobia-Donostia gainean da. Etzi jokatuko da Irungo auzoa eta Donostiako Bulebarra lotzen dituen herri lasterketa entzutetsu eta handia. Ibilbidea luzea eta gogorra da, eta prestaketa egoki bat egitea berebizikoa da lasterketa ondo egiteko. Mikel Astarloza Chaurreau Txirrindor-eko prestakuntza fisikoaren arduraduna da. Kirolariei entrenamendu plangintzak egiten dizkie, eta gakoak eman ditu Behobia-Donostia bezalako lasterketa bat ondo prestatzeko.
Nola prestatzen da Behobia-Donostia bezalako lasterketa bat?
Esango nuke Behobia-Donostia gutxietsia dagoela. Jende askok egiten du, eta, zoritxarrez, geroz eta parte hartzaile gehiago dira oso ondo prestatzen ez dutenak. Horietako asko korrika eta presaka aritzen dira, azken orduan prestatzen dute, eta 20 kilometro korri egitea ez da txantxa, batez ere ohitura ez duen jendearentzat. Iruditzen zait kontzientzia hartu beharra dagoela, horrelako esfortzu luze eta gogor baterako prestaketa egoki bat egitea garrantzitsua baita.
Zeri emango zenioke garrantzia prestaketa garaian?
Garrantzitsuena da Behobia denborarekin prestatzen hastea. Orain, akaso, berandu gabiltza, lasterketa igandean delako, baina esango nuke udatik hasi behar dela kilometroak zangoetan pilatzen. Komeni da, batez ere, distantzia luzeak oso erritmo lasaian egitea, gorputzari erakusteko zer den distantzia luze bat egitea. Nahiz eta ez diren 20 kilometroko ibilbideak entrenatu behar, Behobia aurretik 10, 12 edo 15 kilometroko irteerak egitea komenigarria da, eta ez lasterketaren aurreko astean, baizik eta bi edo hiru aste lehenagora arte.
Ibilbidean zentratuz, Behobia ez da lasterketa lau bat, gorabeheratsua baita. Hori ere aurreikusi behar da, ezta?
Behobiaren ezaugarrietako bat da malda askoko lasterketa dela. Lasterketak nahiko ibilbide lauan izaten dira normalean, baina gure ingurua ez da batere laua, eta behar baino gogorragoa da. Seguru aski, jendeak lautadan entrenatzen du gehiago, bidegorrietan adibidez, eta Behobian malda dezente aurkituko dituzte.
Ibilbideak dituen malda horiei aurre egiteko, garrantzitsua da prestaketa garaian maldetan ere entrenatzea, ezta?
Hori prestaketaren parte izaten da. Aurreko bi edo hiru hilabeteetan aldapetan korrika saioak egin behar dira. Pausoa ezberdina da malda gora eta malda behera, eta horretara ohitzea ere garrantzitsua da.
Behobiaren aurreko azken egunetan gaude. Zer egin behar da lasterketaren aurreko egunetan?
Atseden hartzea da egokiena. Etxeko lanak aurretik egin behar dira, Behobia lehiatu baino hamar egun lehenagora arte. Prestaketa garaian gogor entrenatu behar da, entrenamendu luze eta gogorrak egiten, baina azken hamar egunetan atseden hartzea da garrantzitsuena. Azken egunetan entrenamendu lasaiak egin behar dira. Azken bizpahiru egunetan, gainera, ahalik eta lo gehien egin, eta ahalik eta egokien eta garbien jan behar da. Batez ere, karbohidratoak dira garrantzitsuak, lasterketan elikagai horiek beharko baititugu.
Atsedena edota elikadura aipatu dituzu. Horiek kontrolatzea ere garrantzitsua da, ezta?
Oso azkar egiten duten lasterkariek, ordubetean aritzen direnek, gutxi jaten eta edaten dute, haientzat oso esfortzu azkarra delako; baina maila herrikoian dabiltzanei begira, hidratazioa kontrolatzea garrantzitsua da, eta ez soilik lasterketa aurretik, baizik eta bitartean eta ondoren ere. Horrelako esfortzu luze baten ondoren ondo jan eta edan beharra dago.
Lasterketa egunera begira, zein gomendio emango zenituzke?
Hasi berriei lasai hastea esango nieke. Esperientzia duten lasterkariek badakite zein erritmotan joan behar duten, entrenamendu saioetan ikusi baitute beren gorpuzkera nola dagoen eta zenbat estutu behar duten. Hasi berriei eta esperientzia asko ez dutenei, baina, lasai hasteko esango nieke, Behobia oso lasterketa luzea delako. Ibilbidearen erdira ia-ia konturatu gabe iritsi behar dira. Azken erdi horretan nekea pilatzen hasiko da, eta gorputza gainbeheratzen hasiko da.
Eta lasterketa ondorenerako, zer? Zer egin behar da lasterketa bukatu eta hurrengo egunetan?
Horrelako esfortzu luze baten ondoren, aurreneko ordu erdi eta ordubetean ondo hidratatu behar da, lasterketan izerdi asko egiten delako eta likido asko galtzen direlako. Badirudi hego haizea datorrela iganderako, eta horrek lasterketa astuna izatea ekarriko du, korrika egiteko ez baita oso eguraldi aproposa eta likido gehiago galtzen baitira. Hortaz, lasterketa bukatu ondoren, lehenbailehen likidoak edan behar dira, eta otorduetan hidratoak sartu, horixe baita, batez ere, gorputzak galdu duena.
Iganderako hego haizea datorrela aipatu duzu. Tenperatura altuekin eta beroarekin nola jokatu behar dute kirolariek?
Lasterkariek, esango nuke, helburu bezala denbora bat jartzen dutela, eta denbora hori oso aldakorra da egiten duen eguraldiaren arabera. Hego haizea korri egiteko dagoen eguraldi txarrena da, tenperatura altuegia delako. Haizea ere aurpegiz izaten dute lasterkariek kilometro askotan, eta zentzu horretan, norberak buruan dituen markak lortzea zailagoa izaten da. Egoera horren aurrean, gakoa da ez frustratzea. Eguraldia ez dago gure baitan, ezin dugu kontrolatu, eta tokatzen dena tokatzen dela, horri aurre egin behar zaio. Kontziente izan behar gara normala dela denbora apalagoa egitea eguraldiaren eraginez.
Jendeak ere masajeak hartzen ditu lasterketen aurretik. Zer gomendatuko zenuke masajeen arloan? Noiz jaso behar dira?
Masajea hartzea onuragarria da, errekuperazioaren parte delako, baina askotan akatsa izaten da beranduegi hartzea. Behobiaren bezperan edo bi egun lehenago beharrean, hobe da astebete edo bi aste lehenago hartzea.
