Jose Manuel Azkueren omenean
Azkue Memoriala egingo dute hamabigarren aldiz, Irunen, Oiartzunen eta Errenterian lau kontzertu emanez. Bihar (hilak 8) izango da lehena.
Jose Manuel Azkue organistaren omenean Azkue Memoriala egingo dute hamabigarren aldiz. 2008an zendu zen oiartzuarra, eta urte batzuk beranduago eman zioten hasiera bere omenean egiten den kontzertu sortari. Aurten, lau kontzertu egingo dituzte, denak azaroan. Lehena 8an izango da (bihar, larunbata), eta hurrengoak 9an, 13an eta 15ean. Errenterian, Oiartzunen eta Irunen egingo dituzte horiek.
Oiartzungo Organozaleak elkartearen ekimenez egingo dute egitasmoa. Haiekin elkarlanean ari dira Irungo, Errenteriako eta Oiartzungo Udalak. “Gipuzkoako ekialdeko organoen balioa azpimarratzen du, eta artista ospetsuen eta talentu berrien eskutik organo musika publiko berriei helarazteko aukera paregabea da”, azaldu du Irungo Udaleko kultur ordezkariak.
Lau kontzertu, hiru herri
Lehenengo kontzertua Errenterian emango dute, larunbatean. San Agustin komentuan izango da, 19:00etan. Ignacio Arakistain organistak bideratuko du gaua, eta harekin batera Iruñeko Gazte Hari Orkestra izango da.
Igandean, berriz, Oiartzunen izango da memoriala. San Esteban parrokian, 19:00etan hirukote moduan ariko dira Garazi Navas (akordeoia), Ignacio Arakistain (pianoa) eta Oskar Rodriguez (harmoniuma). 13an Oiartzunen errepikatuko dute, baina beste leku batean: Landetxen. Hot water filma proiektatuko dute, eta Oskar Rodriguezek harmoniumarekin lagunduko du.
Azkenik, Irunen itxiko da kontzertu sorta. Junkal elizan Oskar Rodriguezek organoa interpretatuko du, eta haren ondoan Ametsa abesbatza izango da.
