"Lasterketako heriotz kopurua normalitatearen barnean dago"
Kirolarekin oso lotuta egon da beti Madaria. Korrikan aritzeaz gain, hainbat kirol talderen kardiologoa izan da, eta kirolarien bihotz errehabilitazioa lantzen du egun.
Osasun onarekin harremantzen da kirola egitea, eta hala da gehienetan, baina badira kasuak non ondorio txarrak izan ditzakeen. Behobia-Donostia lasterketan bost pertsona hil dira 2000. urtetik hona, eta horrek «kondaira urbanoak» sortu ditu. Zigor Madaria (Bilbo, 1981) kardiologoak ez ditu ulertzen kondaira horiek, bere ustez, kopuru normal bat da, kontuan hartuta zenbat pertsonek hartu duten parte lasterketan azken 25 urteetan.
Behobiako antolakuntzak sortutako aholkularitza talde batean izan zinen.
Egon ziren urte batzuk lasterketan heriotza tasak gora egin zuela, bataz bestekotik apur bat urrundu zela. Hori ikusita, antolakuntzatik mediku talde bat osatu zuten, honen aurrean zer egin genezakeen ikusteko. Duela hamar urte inguru izan zen, eta elkartu ginenen artean, oraindik izena ematerakoan bete behar den galdetegia sortu genuen. Hor aipatzen da korrika maiztasunez egiteko ohitura ez duten pertsonek agian mediku bat ikusi behar dutela, edo gaixotasun bat dutenek aholkua eskatu behar dutela. Prebentzio moduan egin zen hura.
Nolako prestakuntza izan behar du korrikalari batek horrelako lasterketa bat egiteko?
Hor desberdintasuna dago korrikalari profesional eta popular baten artean. Korrikalari profesional bakoitzak badaki zeintzuk diren bere urteko lasterketak, eta hitzordu horietara puntuan iristea da bere helburua, hau da, forma fisiko egokienean. Nik zehazki ez dakit profesionalek nolako prestakuntza izaten duten horrelako lasterketa baterako, baina urtean zehar horretan aritzen badira, nik uste egin beharreko mediku azterketa guztiak eginda izango dituztela, oso prestatuak daude-eta gaur egun.
Badira Behobia lehenengo lasterketa moduan egiten dutenak. Horiek beharrezkoa dute lehenagotik azterketa medikoak egitea?
Ikerketa baino, ohitura da garrantzitsuagoa. Astean lau aldiz korrika egiten badu normalki, eta ez badu inongo arazorik edo sintomarik nabaritzen, ez luke arazorik izan beharko lasterketa bat gauzatzeko. Ez badu bularreko minik, arnas esturik, nekerik, zorabiorik, konorte galerarik edota palpitaziorik, eta ez badu aparteko gaixotasunik, korrikalari horrek ez du medikurik behar. Jende horri ikerketa mediku batek ez dio asko lagunduko, beti ere, esan bezala, astean hiru edo lau aldiz irteten bada korri egitera.
Aurreko egunetan gaizki sentitzen den korrikalari batek lasterketa alde batera utzi beharko luke?
Hori zentzu kontu bat da. Lepotik gorako sintomak baldin badira, hala nola, eztula, eztarriko narritadura, sudurreko azkura eta arnas estua, korrika egin dezakezu. Baina sintoma orokorragoak baldin badira, muskuluetako mina, sukarra edo gorputz osoko mina bezalakoak, etxean geratu behar zara. Arriskutsua da, birus batek bihotzeko arazoak eragin ditzake-eta. Horrelako kasuetan deskantsua behar da, eta sintomak joan egin direnean, pixkanaka berriro korrika egitera itzuli.
Lasterketaren aurreko egunetan ariketa fisiko intentsua egiteak zer eragin izan dezake?
Osasun aldetik ez dut uste mami asko duenik erabaki hori hartzeak. Lasterketa batean denbora helburu argi bat baduzu, normalena da astean zehar zure korrika irteera kopurua jaistea. Intentsitatea baino, kopurua da jaitsi beharrekoa. Atsedena garrantzitsua da, ez zaizu komeni aurreko egunean entrenamendu luze eta gogor bat egitea, indarrik gabe iritsiko zara-eta egun handira.
Azkeneko urteetan hainbat arazo kardiobaskular izan dira Behobiako korrikalarietan. Lasterketak berak baditu ezaugarriak arazo horiek maiztasunez emateko?
Nire ustez arazoa ez da lasterketa bera. Jende askok parte hartzen du lasterketa honetan, eta normala da 30.000 pertsonetatik batek arazoak edukitzea. Badira bost kilometroko lasterketak non adrenalina goraino duzun eta esfortzu oso handia egiten duzun, baina Behobia ez da horietako bat. Ez da lasterketa oso luzea, eta ez da batere bortitza.
Horrelako arazoak bat-batekoak izan daitezke, ezta?
Hala da. Azkeneko urteetan lasterketan bihotzekoak izan dituzten hainbatek bazituzten azterketa medikuak eginda, eta emaitza onarekin. Baina zuk miokarditis bat baduzu, hori egun batetik bestera sortu zaizu, beraz, azterketa horretan ez da agertuko. Halere, bihotzeko gehienak ez dira korrika egiten den bitartean ematen, baizik eta geldirik gaudenean, etxean edo ohean adibidez.
Lasterketa bitartean korrikalari batek zerbait arraroa sentitzen badu, gomendagarria da gelditzea?
Noski. Bularretik edo burutik mina iristen bazaigu, gelditu egin behar gara. Gelditzean, minak berdin jarraitzen badu, hor inguruan izango dira mediku zerbitzuak. Funtsezkoa da esfortzua etetea, atsedena hartzea. Baina hor sortzen zaidan galdera hurrengoa da: nola daki pertsona arrunt batek sintomak interpretatzen? Hor dago mamia. Zerbait sentitzen duzunean eta ez dakizunean zer den, ezjakintasun hori argitu egin behar da, eta horretarako laguntza eskatu.
Badira askotan buruari kasu ez egin eta gaizki sentitu arren aurrera doazenak.
Zaila da hori kudeatzea. Frustrazio handia da, entrenamendu asko egin ondoren. Baina gustatu ala ez, uko egin behar diozu zure helburu horri. Aurrerantzean beste hainbat aukera izango dituzu. Ni ere korrikalaria naiz, eta justu momentu honetan puntu horretan nago, nire buruarekin borrokan. Lesio batetik nator eta hemendik gutxira Florentziako maratoia dut. Badakit ez naizela iritsiko, baina nire buruan oraindik ez dut albo batean utzi lasterketa. Bakoitzak bere buruarekin egin beharreko borroka da.
Behobia moduko lasterketa batean, zeintzuk izaten dira arazo mediku normalenak?
Ohikoenak bihurdurak, zauriak eta halakoak izaten dira. Baina lasterketaren araberako gauzak dira. Udan, bero handia den egunetan egiten den lasterketa batean ziur aski bero kolpe asko izango dira. Behobian ere horrelakoak gertatu izan dira, urte batzuetan bero asko egin izan du-eta. Helmugan ere normalki jendea erori egiten da, eta horrek badu izena: helmugako kolapsoa. Hor estres maila jaitsi egiten da, eta odola mugitzeari uzten diogu. Horrek sinkopeak eta itolarriak eragiten ditu, odola burutik behera doalako. Baina hori bakarrik konpontzen da. Ahulaldiak ere ohikoak dira, glukogenoa bukatzen delako. Normalki lasterketetan arazo arinak aurkitzen dira.
Baina arazo potoloak ere ikusten dira.
Bai, baina hain dira gutxi, edozer gauza izan daitekeela. Bihotzeko bat izan daiteke, edo bat-bateko heriotza, iktus bat, epilepsia atake bat… askotan zorte kontua izan daiteke. Azkeneko urteetan eman diren heriotzak estatistikaren barnean sartzen dira, hau da, heriotzen kopurua normalitatearen barnean dago, ikusita zenbat pertsonek parte hartu duten urte horietan guztietan. Hor badago herri kondaira moduko bat, eta jende askok esaten du Behobian jende asko hiltzen dela. Hori gezurra da, proportzioan oso gutxi dira-eta kasuak.
Zendutakoak gazteak izateak agian badu eragina jendearen pertzepzioan?
Izan daiteke. Baina korrikalarien adin tartea ere ez da oso altua, beraz, gazte asko baldin badaude, haietako bati tokatu ahal zaio. Normalean, pertsona gazte bat bat-batean hiltzen denean, arritmia gaizto baten ondorioa izaten da. Bihotzak erritmo bat dauka, eta korrika egiten dugunean gora egiten du. Momentu horretan, adrenalinak, deshidratazioak, beroak edo azidosiak eragin dezakete, seguru aski lehenagotik gaixotasun bat baldin badauka, arritmia gaizto bat sortuz. Arritmia gaiztoek ez dute uzten odola burura iristen, eta horrek pixkanaka hil egiten zaitu, ez bazaitu inork berpizten. ■
